Argitalpenak
Hizkuntza arrotzen ikaskuntzarako helburuak I. Nondik norakoak.
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Hizpide / Zutabe zenbakia:
- 21
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Hizpide / Zutabe zenbakia:
- 21
- Bisitak: 1003
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
The Threshold Level (Atalase Maila) ingelesaren ikasle helduentzat argitaratu zen jatorriz l 975ean, eta ondoren zenbait aldaera izan zituen Europako beste hizkuntza batzuentzat eta baita xede-talde desberdinentzat ere. The Threshold Level izan da, eta da oraindik, Europako Kontseiluko Kultur Lankidetzarako Kontseiluaren Hizkuntza Modernoetako Egitasmoen ihardupideen orientabide nagusia. Kontseiluaren «4. Egitasmoa»n ematen diren irizpideen aplikazioaren lehen adibide zehatza den aldetik, eragin handia izan du oro har hizkuntza modernoen irakaskuntzaren garapenean. Ez zuen berak hasi jokaeraren arabera gidatutako hizkuntz irakaskuntzarako joera, baina oso indartu du joera hau esperimentaziorako eta ikasturtearen garapenerako oinarria eskainiz. Joera hau, zehatzagoa ez ezik, globalago eta sendoagoa ere bazen aurrez erabiltzen zena baino. Bertan eskainitako eredua oso zabal erabili izan da hizkuntza arrotzen irakaskuntzaren helburuak zehazteko oinarri bezala eta eduki zehaztapenak gehienetan inspirazio iturri gisa hartu dira, froga-zerrenda gisa, eta baita mailegu zuzen gisa ere.
Pozgarria da ohartaraztea hau posible izan dela nahiz eta hasierako The Threshold Level-ek aspaldi baztertutako unitate/metagarrizko sistema europar baterako helburu standartu baten markak eduki oraindik. Egia esan, «4. Egitasmoa»ren lehen egun haietatik hona jokatu izan duen papera askoz ondore handiagokoa izan da hasiera batean pentsa zitekeena baino.
Egilearen ikuspegiz, honen merezimendu nagusia zera da, komunikazio-gaitasunaren izaeraz, eta izaera honek hezkuntz-praktikara dakarrenaz, hainbeste hausnarketa original eta sortzaile bideratu izana.
Argitara eman eta berehala ikusi zen ezen, nahiz eta The Threshold Level-ek ederki azaldu komunikazio-gaitasunaren muina, gaitasun honen beste zenbait osagai, garrantzizkoak hauek ere, artean zehazteko geratzen zirela.
Ondorioz, 1979an Europako Kontseiluko Egitasmo Taldeak lan-talde bat eratu zuen zera aztertzeko, «hizkuntz ikaskuntzaren helburuak atalase mailako dokumentuetan adierazitakoa baino konplexuago zehaztuko zituen eredu orokorra». Hortik etorri zen, 1984ean, zenbait azterketa original eta kasu azterketaren argitalpena, komunikazio-gaitasunaren alderdi askotaz ari zirelarik, eta baita «Aurkibide analitikoak» (Holee, Coste eta Porcher) eta Trim-ek burututako «Txosten kontsolidatua» ere (1). Elementu desberdinak hizkuntz ikaskuntzaren helburuak zehaztuko zituen eredu orohartzaile batean antolatzea, hala ere, hurrengo urrats baterako utzi zen.
Lan honen I alea halako eredu bat aurkezteko saioa da, beronen osagai bakoitzaren izaera eta hezkuntz-inplikazioak aztertzeko saio bat.
Gaizki-ulertu oro saihesteko -The Threshold Level-ek halako gehiegi sortarazi zituen- zera adierazi nahi genuke argi eta garbi, oraingo azterketa hau ez dela gaiari buruzko gogoeta akademikorako egina. Aldiz, hezkuntz praktikaren erantzule zuzen diren haiei doa zuzendua, hala nola administratzaile, curriculum-diseinatzaile, ikas-materialen diseinatzaile, irakasle-prestatzaile edo irakasleei. Honen ondorio bat zera da, aske sentituko garela bereizketa akademikoen zenbait ñabarduraz ez arduratzeko -baliozkoak izan badaitezke ere-, gure asmo praktikoari zuzen lotzen ez zaizkion heinean. Honek esan nahi du, halaber, ez dugula zalantzarik egingo tradizio akademiko eta ñabardura zama handia hartu duten terminoak eguneroko adiera ez-akademikoan erabiltzeko. Hau penagarria liteke baina ez dugu beste aukerarik, hizkuntzari edo hizkuntzaren erabilerari buruz har ditzakegun hitz guztiak eskola desberdinek bereganatu baitituzte eta hitz tekniko zehatzen mailara jaso. Gure saioa ez da irakurleen konpetentzia profesionalari buruzko hausnarketa ere. Guk profesional sail zabalarekin komunikatu nahi dugu, besterik gabe. Hauen konpetentziak ez dauka, nahitaez, gure gaiarentzat garrantzia duten zientzia eta ikerketa adar guztietan egin diren azken-azkeneko garapenen berri izan beharrik.
Gure azterketaren II alean hizkuntz-ikaskuntzaren helburuen bereizketa horizontalak eta bertikalak, hau da, xede-talde desberdinentzako helburuak eta maila desberdinetarako helburuak direla eta sortzen diren problemez eta iradokitako soluziobideez arituko gara bereziki. Administratiboki, azterketa hau Europako Kontseiluko Kultur Lankidetzarako Kontseiluaren 12. egitasmoak emandakoaren parte bat da. «Modern languages - learning and teaching modern languages far cornmunication» da egitasmo hau. Egia esan, zenbait europar naziotako lankideekin, Europako Kontseiluaren hizkuntza modernoen egitasmo askoren plangintzan bateratuta, elkarlan eta interakzio jatorrean emandako urte askoren ondoren bat da. Estrainekoz 1971ean ezarritako zenbait orientabideri heldu eta egitasmo desberdin hauetan zehar jarraitu ahal izatea pertsona baten dohai eta trebetasun pertsonal eta profesional handiei zor zaie hein handi batean, John Trim-i. Bera izan da, izenburu desberdinen pean, programa osoaren benetako gidaria. Haren ardura eta laguntzari zor dioguna hainbestekoa da non hemen adierazi beharra dugun, beste eskerron indibidualik azalduko ez badugu ere. Aldez edo moldez, zuzen nahiz zehar, gure azterketan lagundu gaituztenen kopurua hain da handia non behin eta batera esango diegun, besterik gabe, «eskerrik asko denoi».