Gaitasuna eta afektibitatea hizkuntza arrotzen ikaskuntzan

Argitaratua: Tuesday, 13 March 1990, 10:30 AM
Itzulpen Saila 25-26

Itxuraz, liburu honen tituluan ageri diren bi terminoek, gaitasuna eta afektibitatea, elkarren antonimo ematen dute sinonimo baino gehiago. Alabaina, termino hauek zehatz eta mehatz mugatzen hastean, nekez saihesten den gurpil eroarekin egiten da topo: afektibitatea nolerebait gaitasun bezala deskribatzen dute eta gaitasunen artean zorionerakoa ere aurkitzen da. Bestalde, definizio horien artean saihestezina da joera hitza ere. Bi esanahiko hitza, hitz zalantzazkoa, nahi den bezala. Joera hitzak gogorarazten digu ezagumenari dagokiona, gaitasuna terminoz adierazten dena, eta afektibitatea (emozioak eta hunkipenak bere barnean hartzen dituena) ez daudela nahitaez elkarren aurka, aitzitik eta elkarrekin lotura sakonak dituztela.

Maiz azalduko dira lotura horiek liburu honetan. Horrela, eta adibide bat edo beste aipatzeko, ezagutzeko estiloak nortasunari emandako kapituluan ikertuko dira (afektibitatearen eremuan batik bat) eta, irakaslearen lanaren alderdi kognitiboak azaltzerakoan, jarrerak aztertuko ditugu, ikasleen hutsegiteei begiratuz.

Dena den, ez da aski ikergai dauden eduki horien barruko konplexutasunaren berri ematea. Fenomenoak analizatu egin behar dira, zatikatu, osagaiak banandu, ñabardurak hobeto aztertu nahian uneren batean gauzak bere osoan ahazteko arriskua badago ere. Lan honetan barkaezina litzateke -eta zertarako errepikatu?- ulertzeko bakarrik berezi behar dena zatitzea edo gauza bat osatzen duten elementu desberdinak behin betirako elkarrengandik apartatzea.

Batasunaren eta aniztasunaren, loturaren eta banatasunaren, sintesiaren eta analisiaren arteko erlazioen konplexutasunaren jakinaren gainean egotea izango da lan honetan aurkeztuko den gogoetaren oinarria. Hortxe aurkituko da hurrengo pentsamenduaren ildoa.

Norberaren berezitasunak berezitasun, badira ezaugarri batzuk geure espezieko guztiek ditugunak; bestalde, ezin gauzak beste inola izan, aldaerak aldaezinaren arabera bakarrik neur baitaitezke. Elementu egonkorretan, hau da, psikologia kognitiboan ikertzen diren fenomeno eta prozesuetan du abiapuntua liburu honek. 2. kapitulua giza oroimenaren funtzionamendua xume-xume deskribatuz hasten da. Izan ere, gizabanakoaren bereizgarrietan arreta jarri aurretik, beharrezko da gizonari ikasteko, ikasitakoa jasotzeko eta hurkoarekiko komunikazioan horietaz baliatzeko bidea ematen dioten tresnak ezagutzea.

HABEren liburutegian