Euskal gramatika didaktikorantz: 1. mailaren euskara-ikasleen gramatika ikasteko estrategiak

Argitaratua: Wednesday, 7 May 2014, 8:20 AM
Nekane Solano

Gramatikak hizkuntzaren sistema deskribatzen eta azaltzen du. Dena dela, gaur egungo joera da gramatika deskribatzaile horretatik haratago joatea, gaitasun gramatikala eta komunikazio-gaitasuna uztartuz. Baina nola eskuratzen dugu gramatika? Beharrezkoa al da gramatikari erreparatzea bigarren hizkuntza ikasteko prozesuan? Galdera horien erantzuna bilatzen saiatu gara; edo, hobe esanda, erantzunaren zati bat. Horretarako, bi euskaltegitako lehenengo mailako taldeak aztertu dira ikerketa honetan. Hiru tresna erabiliz eta metodologia kuantitatibo eta kualitatiboari jarraiki, ikasle horiek erabiltzen dituzten estrategiak jaso dira, baita gramatikari ematen dioten garrantziaren nolakoa ere. Bi galdetegiri erantzun diete berrogeita hamar ikaslek —lagina, orotara, 50 ikaslekoa izan da—: batean, gramatikari buruzko galdera orokorrak egin zaizkie, eta, bestean, estrategiei buruzko testa osarazi. Ondoren, elkarrizketa labur bat izan dugu horietako 29 ikaslerekin, galdetegiak bete ostean informazio osagarria biltzeko asmoz. Ondorio nagusia izan da gramatika beharrezkoa dela ikasle horientzat; batez ere, zuzen idatzi ahal izateko eta hizkuntzaren oinarri sendo bat eraikitzeko. Bestalde, ikusi da gramatika ikasteko estrategia anitz erabiltzen dituztela.