Adinaren eragina bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan

Argitaratua: Saturday, 14 April 1984, 8:05 AM
Itzulpen Saila 1

Gizona, jaioz geroztik, munduaren barnean dago eta mundu horretan funtzionatu behar du. Jaiotze-unea munduari egokitzearen hasiera da. Horri deritzo, hain zuzen, gizonaren garapena: garapen biologikoa, garapen psikologikoa, garapen soziala. Garapen hau, zenbait aldaketek markatzen duena, hiru aro handitan banatzen da; haurtzaroa, adoleszentaroa eta helduaroa.

0.1. ARAZOA ZERTAN DATZAN Gizona bere bizitza oso-osoan, bukatu arte, dago ikaskuntza egoeran. Baina denboraldi batetik bestera gauza diferenteak ikasteaz gain, ikasteko gaitasuna eta ikasteko erak ez dira beti berdinak. Baina bada gizonak edozein unetan egin dezakeen ikaskuntza bat: bigarren hizkuntzaren ikaskuntza. Haurra delarik, edo gaztetxoa edo heldua, jar daiteke umetan ikasten duen ama-hizkuntzaz gain beste hizkuntzaren bat ere bereganatu ahalko duen giroan. Eta hau horrela izanik, eta pertsonak bigarren hizkuntza benetan ikasten duelarik, zenbait azterketa egin ondoren, ohartzen gara emaitzak batzuetan hobeak direla bestetan baino. Eta «ama-hizkuntza ikastea ziurra den bezala, atzerriko hizkuntzaren ezagutza ia beti murritza eta osatu gabea izaten dela». Zergatik hori? Bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan zerikusia duten faktoreen artean, edo dutela uste dugunetan, bada bat beste guztiek baino eragin handiagoa duela ematen duena, adina alegia. Bigarren hizkuntzaz, edo horrekin zerikusia duten gorabeherez, egin den ikerketa orok adierazten du, era batera edo bestera, bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan saihestu ezinezko eragina duela adinak eta beti dela problema. Gure lan honetan, aurrez egin diren ikerketen argipean, zera finkatzen saiatu nahi dugu: nolako eragina duen adinak bigarren hizkuntza ikasterakoan.

0.2. IKERKETAREN HIPOTESIA Adinaren arazoa azaldu denez gero, suposa genezake baduela horrek bere eragina bigarren hizkuntzaren irakaskuntzan. Adinak ikaskuntzan eragina baldin badu, nola eta zertan nabarmentzen da? Bigarren hizkuntza ikasteko gaitasunaren mailan? Ikaskuntzan bertan edo emaitza mailan? Hona erantzuna ematen saiatuko garen zenbait galdera. Horrek markatzen du hasieratik pertsona batek bigarren hizkuntza ikasteko duen gaitasunaren, eta ikaskuntza egoeraren, eta lortutako emaitzen arteko aldea.

0.3. METODOAK ETA MUGAK Adinak bigarren hizkuntzaren ikaskuntzarekin duen zerikusiari buruz esan dena argitu nahi genuke ondorengo orrialdeotan. Lehenbizi bigarren hizkuntzaren lorpen-prozesuak adinarekin dituen inplikazioak arakatuko ditugu, hizkuntzaren lorpenaren eredu kontzeptual bakoitzak ematen duen zenbait teoria deskribatuz, batez ere bigarren hizkuntzaren lorpenari buruzkoak. Bigarrenik, lagunaren garapenak bigarren hizkuntza eskuratzean duen eragina eta bere garapenak ikasleari jartzen dizkion mugak aztertuko ditugu. Azkenik, bigarren hizkuntza ikasteko adinik egokiena noiz den izango dugu galdera, eta horren pisua neurtzen saiatuko gara. Gure lana zenbait gogoetaren azalpena da eta ez alor honetan 8 egin diren esperientziena. Ez dugu uste gai honetaz esan den guztia jaso dugunik, bigarren hizkuntzaren lorpenean adinak duen eraginaz esan diren zenbait ideia argitzea beste xederik ez dugu, eta horiek elkarrekin zerk lotzen dituen eta zerk banatzen azaldu nahi genuke

HABEren liburutegian