Ebaluazioa ikas-irakas prozesuaren funtsezko osagaia da. Hala ere, ebaluatzean, zer jartzen dugu erdigunean: lortutako emaitza jasotzea ala ikasleari ikasten jarraitzeko informazioa eta aukerak eskaintzea? Galdera horren inguruan hausnartzeko, Blog de formaciónELE guneko hiru sarrera ekarri ditugu forora. Ikuspegi desberdinetatik abiatuta, hirurek ebaluazioaren izaera hezitzailea dute ardatz. Naiara Bilbao-Quintana irakaslearen materialetan oinarritutako sarreren saila ere ildo beretik doala ikus dezakegu
Lehenengo sarrerak, "Nota o comentario: por qué poner una calificación mata tu corrección", kalifikazioaren eta feedbackaren arteko harremana aztertzen du. Egileak dioenez, nota eta iruzkinak aldi berean jasotzean, kalifikazioak ikaslearen arreta bereganatzeko arriskua dago, hobekuntzarako orientabideak bigarren mailan utzita. Horren aurrean, feedbacka, berrikuspena eta, beharrezkoa denean, kalifikazioa une desberdinetan antolatzea proposatzen du, ikasleak jasotako informazioa erabiltzeko aukera izan dezan.
Bigarrenak, "Los cuatro obstáculos que impiden que tu estudiante aproveche tus correcciones", beste urrats bat egiten du: feedbacka ematea ez da nahikoa; ikasleak atzeraelikadura hori baliatu behar du. Lau oztopo nagusi aipatzen ditu:
- zuzenketa behar bezala ez ulertzea;
- informazio gehiegi jasotzea;
- zuzenketak norberaren gaitasunari buruzko epaitzat hartzea;
- jasotako feedbacka erabiltzeko aukerarik ez izatea.
Hortaz, zuzenketak lehenestea eta ikasleari haiekin jarduteko aukera eskaintzea proposatzen du.
Hirugarrenak, "Diez técnicas para que tus estudiantes evalúen su propio español", autoebaluazioan jartzen du arreta. Hainbat teknika praktiko aurkezten ditu:
- konfiantza-eskalak eta egiaztapen-zerrendak erabiltzea;
- ahozko ekoizpenak grabatzea;
- zeregin baten bi bertsio alderatzea;
- ereduekin lan egitea;
- kolore-kodeak edo errubrikak baliatzea;
- hausnarketa-esaldiak osatzea;
- erroreen erregistroa egitea;
- hurrengo jarduerarako helburu zehatz bat ezartzea.
Tresna horien bidez, ikasleak bere jarduna aztertzea eta bere ikaskuntzari buruzko erabakiak hartzea da helburua.
Hiru ekarpenek, azken batean, ebaluazioari begiratzeko modu jakin bat proposatzen dute: ebaluazioa ez ulertzea ikasprozesuaren amaiera gisa, ikasten jarraitzeko aukera gisa baizik. Ikuspegi horretan, feedbackak informazio argia eta erabilgarria eskaini behar du, baina ikasleak informazio horrekin zerbait egiteko tartea ere behar du: lana berrikusi, hausnartu, erabakiak hartu eta berriro saiatzeko aukera.
Horrek guztiak geure jardunari begiratzeko gonbita egiten digu: Zer leku dute feedbackak eta autoebaluazioak gure ebaluazio-praktiketan? Nola bideratzen dugu ikasleak jasotako atzeraelikadura ulertu, berrikusi eta hurrengo jardueretan erabiltzea?