"Cómo aplicar el Aprendizaje Basado en Proyectos (ABP) en la clase de español" sarrera argitaratu dute Un blog para profesores de españolen; Francisco Herrerak idatzi du.
Testuan, proiektu bat egituratzeko hiru aldi nagusi proposatzen dira:
- hasierako galdera edo erronka motibatzailea formulatzea;
- ikerketa eta lankidetza bidezko garapena bideratzea;
- azken produktua benetako hartzaileei aurkeztea.
Egilearen arabera, ikuspegi horrek motibazioa eta autonomia sustatzen ditu, eta hizkuntzaren erabilera esanguratsua bultzatzen du. Horrez gain, hainbat adibide praktiko eskaintzen ditu, hala nola auzo baten audiogida alternatiboa edo gizarte-sentsibilizaziorako publizitate-kanpaina bat sortzea.
Ebaluazioari dagokionez, Herrerak azpimarratzen du arreta ez dela azken produktuan bakarrik jarri behar; ebaluazio formatiboa eta errubrikak diseinatzea da erantzuna. Haren ustez, POIk aukera ematen du ikasleek hizkuntza benetako testuinguruetan erabiltzeko eta aldi berean autonomia, lankidetza eta hausnarketa garatzeko.
POIren inguruko ekarpenak badaude Irakasbilen. Besteak beste, e-Hizpideko 106. zenbakian ikuspegi honetan oinarritutako bi esperientzia aurkeztu ziren Gela irekia sailean:
- Zornotza Udal Euskaltegiko Marisa Mentxaka Herrán irakasleak idatzitako "Proiektuen bidezko metodologia: ikasleen parte hartze aktiboa" artikulua.
- Getxoko Udal Euskaltegiko Amaia Goiri Arkaute irakasleak idatzitako "Getxon euskaraz? Proiektuetan Oinarritutako Hizkuntzen Irakaskuntzako esperientzia bat" artikulua.