TaPuntu kooperatibak #Nortasunasarean jardunaldia antolatzen du urtero, eta aurten martxoaren 20an Donostiako San Telmo museoan antolatutako Komunikazioa Adimen Artifizialaren menpe? mahai-inguruan Adimen artifizialaren (AA) arriskuak eta erronkak izan zituzten hizpide Euskal Herriko bost adituk.

Mahai-inguruaren aurretik, bi hitzaldi eman ziren.
Hasteko, Unai Elordi Vicomtech-eko ingeniari teknikoak Adimen artifiziala zer den azaldu eta AAk gure gizartean duen eragina azpimarratu zuen. Azken batean, AAren erabilerari buruzko hausnarketa sakona egin behar dela ondorioztatu zuen, eta geure buruak ez ditugula makina batekin konparatu behar.
Bigarrenik, Maitane Urrutikoetxea —Euskaltzaleen Topaguneko komunikazio eta ingurune digitaleko arduraduna— AAren ozeanoan abiatu zen, komunikazio-plangintza eraginkorra sortzeko itsasargiaren bila. Euskaraz AA sortzaileak behar ditugula adierazi zuen; hau da, euskaratik eta euskaraz eskari edo prompt eraginkorrak sortu behar direla. Horretarako, kode irekiko LLAMA-2 eredua aipatu zuen, euskaraz LATXA; EHUren baitan euskararentzat eraikitako lehenengo hizkuntza-eredurik handienaren bertsio hori funtsezkoa izango da, euskaldun gehienentzako txatbot moduko tresnak eraikitzeko, OpenAIren ChatGPTaren baliokide. Bestelako euskarazko tresna eta baliabideak ere badaudela aipatu zuen, besteak beste, ADITU, GAITU, ELIA, ITZULI, LUP eta abar.

Ondoren, beste hiru hizlariek parte hartu zuten:
- Edurne Atutxak, Lupa digitalaren komunikazio-arduradunak, LUP tresna aurkeztu zuen, mugikorrarentzako aplikazio gisa ere deskarga daitekeena. Ikusmen-desgaitasuna dutenentzako egokia dela adierazi zuen; izan ere, testua ahots bihurtzen baitu, eta euskaraz erabiltzeko ere badago aukera, irakurketa denon eskura egon dadin. Itzulpenetarako aukera ere ematen du.
- Endika Barrenetxeak, Erremontari AA bidezko aurkezlearen sortzaileak, kirol-saioari ikusgarritasun handiagoa ematearren, teknologia berriak erabiliz abatar bat sortu zutela adierazi zuen.
- Goiatz Oiartzabalek, Badalab hizkuntza-berrikuntza laborategiko teknikariak, Badalab-eko beka-deialdiko Matx euskarari proiektua aurkeztu zuen, euskarazko edukiak sare sozialetan sustatzeko azpititulu automatikoen lanketa egiten ari baitira.
Mahai-ingurua bukatzeko, galdera irekien tartea zabaldu zen:
- AA, etsai ala aliatu?
Gizakia makinaren atzean lanean ari baldin bada, ez dagoela arriskurik ondorioztatu zuten denek, eta aukera gisa hartu beharra dagoela adierazi. Izan ere, AA jada gurean dago, eta gogotik heldu behar zaio euskarak aurrera egin dezan. AA bidelagun hartu behar da horretarako.
- Guztion zein erronkari erantzun?
Gure txikitik abiatuta, euskal corpusa handitu behar dela azpimarratzen zuten, eta bidea auzolana dela, orain arte bezala kode librean dauden tresnak baliatuz eta makinak gaituz.