Euskaltzaindiaren Hiztegira joz gero, eman aditzak adiera ugari dituela ikus liteke. Horietako bakar bat ere ez da, ordea, gertakizun-adierakoa. Ezer jazo dela edo nondik nora joan den ezagutzera emateko, okerra da aipagai dugun aditza, nahiz egungo diskurtsoan holako batzuk ikusi edo entzun:
- *Aldaketa handiak eman dira azken urteotan
Aholkua
Erabilera oker hori saihesteko “gertatu” aditza baliatu daiteke lasai asko, baina baita “izan” aditza bera ere:
- Azken 15 urteetan Arrasateko kooperatibetan eztabaida handiak izan dira espiritu kooperatiboaren galeraz. (https://www.argia.eus/argia-astekaria/2390/espiritu-kooperatiboa),
- Segurtasun indarren eta hainbat gazte talderen artean istiluak gertatu ziren atzo goizaldean Amiens hirian, Frantziako iparraldean. (https://www.berria.eus/mundua/amienseko-istiluetan-auzoak-sutan_1099629_102.html).
Gaztelaniatiko kalkoak izan ohi dira eman oker horiek, eta, batzuetan, esamolde osoak (si se dieran las circunstancias eta abarrak…) euskaraz bere horretan emateko arriskua dela-eta, halakoak bestela adieraztea izaten da komenigarriena: Halakorik (gertatuko) balitz / Egoera hori balitz / Hartaratuko bagina / Baldintza horiek beteko balira…
Ibilitako bideak:
- Euskaltzaindiaren Hiztegia / eman sarrera
- Labayru Hiztegia / eman sarrera