Hizkuntz kontuak

Hemen lekuzkoa vs bertan diskurtsiboa

Hemen lekuzkoa vs bertan diskurtsiboa

Hasier Agirre Aranburu -
Erantzun kopurua: 3

Egun, maiz samar, bertan eta haren eratorriak gehitxo entzuten edo ikusten dira beharko ez luketen erabileran. Euskaltzaindiaren Hiztegian dago hemen eta bertan, bi horien arteko aldeaz jabetzeko gakoa: bertan adberbioak lehen nolabait aipatu den leku berean adiera du.

  • Bederatziak aldera heldu ziren ostatura; bertan afaldu beharrean, kanpora atera ziren. (Euskaltzaindiaren Hiztegia).

Goiko adibidean, garbi ikusten da bertan horrek ostatua duela ardatz. Aurrez lekurik aipatzen ez bada, ordea, gaizki leudeke bertan hori eta haren eratorriak:

  • Bertako* sagarrarekin egin dute sagardoa.
  • Bertako* ohiturei eustea komeni zaigu.
  • Etorkinak ari dira bertakotzen*.
  • Bertatik* joango gara.

Goiko adibideetan, hemengo, hemengotu edo hemendik ordainak lirateke zuzenak, enuntziatzaileak bera dagoen hizketa-gunea aipatzen baitu, lekuzko deixia edo espaziala baita. Besterik litzateke, aurrez esan bezala, dela norberak dela solaskideak lehen aipatutako lekuren bat berriro hizpidera ekarriko balu, era horretan ez bera dagoen lekua, baizik eta diskurtsoan beren-beregi aipatzen den hori (deixi testuala edo diskurtsiboa) hartzen baita erreferentzia gisa:

  • Non bizi haiz? – Joan eta bertan!
  • Boisera joan ziren euskaldunak aspaldi bertakotu ziren.
  • Gaua Gernikan emango dugunez, biharamunean (handik) bertatik joango gara Bilbora.


Ibilitako bideak

 


Etiketak:
Hasier Agirre Aranburu(e)ri erantzunda

Er: Hemen lekuzkoa vs bertan diskurtsiboa

Joxe Mari Landa Mendibe -
Egun on, Hasier; eta eskerrik asko zure apunte interesgarri eta baliotsuengatik; biba zu!

Kasu honetan, "berton" hurbilaren  aipuarekin natorkizu, zeure azalpena biribiltze aldera. Ez dezagun ahaztu Bizkaia osoan behintzat oso bizia eta oso erabilia dela "berton" forma hurbila "bertan" formatik bereiztaile, gainera. Adibide bat baino ez dizut emango, zeureetako bat hartuta:   "Gernikan egingo dugu gaua; baina, afaldu, non? berton ala bertan? ( alegia, Bilbon afalduko ote dugu ala Gernikan?).

Muxukote bana!



Etiketak:
Joxe Mari Landa Mendibe(e)ri erantzunda

Er: Hemen lekuzkoa vs bertan diskurtsiboa

Iñaki Villoslada -
Kaixo:

oharkizun egokia egin du Joxe Marik berton-ek duen balioaz Bizkaian; berton azaltzen da Euskaltzaindiaren Hiztegian ere, eta Labayruren hiztegiak biak jasoz balio diferentearen berri ematen du.

Halako batean bertan ezin zela aparkatu jarrita zegoen trafiko seinalearen ondo-ondoan udaltzainari erantzun egin zion bizkaitarrak isuna jartzerakoan: hark ez ebala bertan aparkau, berton baino!

Bertan goxo...

Iñaki


Etiketak: