Euskarak badu esamolde edo lokuzio dotore bat besoak gurutzatu aditzera emateko. Andoni Egañak, orain hainbeste ez dela, honela baliatu zuen, postura jakin baten berri emateko:
- Konturatu bazarete, asko dira kalean bi besoak ipurgainean antxumatuta ibiltzen direnak. Pausoa bizkortzeko beharrik ez denean, besoak alferrikako zintzilikario bi dira (https://www.berria.eus/paperekoa/1881/016/001/2023-04-19/dunak.htm).
Labayru Hiztegiko adibidetik suma daitekeenez, alferkeria edo utzikeria adierazteko ere erabili daiteke aipagai dugun esamoldea:
- Egun osoan ezer egin barik, besoak antxumatuta: Todo el día sin hacer nada, cruzado de brazos. (bizk).
Idurre Eskisabelek, berriz, orain hamar urte pase, babestu nahia-edo irudikatzeko baliatu zuen:
- Eta, horrenbestez, iruditeria kolektiboan erabakia halabeharrez hartu duen buruzagi arduratsua txertatuko da. Eta erasorako agindua eman eta gero gela ilun batean irudikatuko dugu, bakarrik, kontzientzia urratuta, oinazetik babesteko besoak antxumatuta. (https://www.berria.eus/paperekoa/1537/006/003/2013-09-03/antxumatuta.htm).