Egun, maiz samar, bertan eta haren eratorriak gehitxo entzuten edo ikusten dira beharko ez luketen erabileran. Euskaltzaindiaren Hiztegian dago hemen eta bertan, bi horien arteko aldeaz jabetzeko gakoa: bertan adberbioak lehen nolabait aipatu den leku berean adiera du.
- Bederatziak aldera heldu ziren ostatura; bertan afaldu beharrean, kanpora atera ziren. (Euskaltzaindiaren Hiztegia).
Goiko adibidean, garbi ikusten da bertan horrek ostatua duela ardatz. Aurrez lekurik aipatzen ez bada, ordea, gaizki leudeke bertan hori eta haren eratorriak:
- Bertako* sagarrarekin egin dute sagardoa.
- Bertako* ohiturei eustea komeni zaigu.
- Etorkinak ari dira bertakotzen*.
- Bertatik* joango gara.
Goiko adibideetan, hemengo, hemengotu edo hemendik ordainak lirateke zuzenak, enuntziatzaileak bera dagoen hizketa-gunea aipatzen baitu, lekuzko deixia edo espaziala baita. Besterik litzateke, aurrez esan bezala, dela norberak dela solaskideak lehen aipatutako lekuren bat berriro hizpidera ekarriko balu, era horretan ez bera dagoen lekua, baizik eta diskurtsoan beren-beregi aipatzen den hori (deixi testuala edo diskurtsiboa) hartzen baita erreferentzia gisa:
- Non bizi haiz? – Joan eta bertan!
- Boisera joan ziren euskaldunak aspaldi bertakotu ziren.
- Gaua Gernikan emango dugunez, biharamunean (handik) bertatik joango gara Bilbora.
Ibilitako bideak