Hizkuntz kontuak

Janariz galkatu

Janariz galkatu

by Hasier Agirre Aranburu -
Number of replies: 0

Arreta erakartzekoa Pauline Guelle-k gaur, Berriako zutabean, erabili esamoldea: janariz galkatu.

  • Sabela janariz galkatuz eta birikak ketuz. Egingo ez ditugun bidaiak aipatu genituen. Ohoratuko ez genuen hitzordu bat finkatu genuen.

Orotarikora jota, bat konturatzen da adiera asko dituela galkatu gorrek, baina gaur betekada hartu (jankada egin, lepo jan) edo abereak gizendu (guritu, beitatu) esanahiak soilik ditugu aztertuko. Osagarriak, postposizioren bat hartzekotan, argi da instrumentala hartzen duela. Behean dituzue bi adibide:

  • Gehienik artoa ukaiten dute jateko. Ohi bezala, arto bihi osoarekin eta eskuz galkatzen da, ahate bakoitzaren erritmoa zainduz. Ahate haragi goxoa eta gibel-gizen ederra ardiesteko, ahatea eztiki eta denbora hartuz galkatzen da.
  • Lo itxi dot senidea bostgarren bizi-oiñean, / eta kolpe bat dogu emongo napar-ardo gorri-baltzean. / Barazkiz naz galkatzen eta nago urdail-miñez, (Pio Barojaren Ipuiñak / Aita Onaindiak euskeraztuak).

Sarean begiratzea nahikoa da ikusteko hala adiera batean nola bestean erabili dutela galkatu hau, esaterako, Anjel Lertxundik, Txillardegik edota, itzulpenetara etorrita, Patxi Apalategi berak Madame Bovary euskaratzean. Geuk, ordea, bestela luze joko lukeenez gero, beste bi adibide baino ez ditugu ikusiko, aurrekoak baino metaforikoagoak, baina, beti ere, gehiegizko betekada /asebetetze adiera horretatik gehiegi aldendu gabe:

  • Zer erhokeria, holako diruketa endurtzea batere beharrik gabe, urgulu zoro baten galkatzeko!SoEgHerr15-1-1959, 1.
  • Haserre mintzatu zaio Etxegarai Etxelekuri: «Jasanezina da susmo hori; pentsatzen batzuk galkatzen ari diren bitartean besteak bide bazterrean direla». Zenbakiak izanen dituela erran dio, baina errespetua eskatu du. «Komunitatea eraikitzeko gisan aritu gaitezen. Ez begiratu proiektu bakoitzaren zilborrari».




Ibilitako bideak: