Hizkuntz kontuak

FAKTORIAKO GEZIAK: hitz eta esamolde berriei buruzko argibideak

FAKTORIAKO GEZIAK: hitz eta esamolde berriei buruzko argibideak

par Ainara Maya Urroz,
Nombre de réponses : 1

Adolfo Arejitak iazko Durangoko Azokarako argitaratu zuen liburua, EITBren eta Euskaltzaindiaren eskutik.  Gizartean jendeak gaur egun eta orokorrean dituen zalantzei erantzun die Adolfo Arejitak, euskaraz egoki nola adierazi erdal hizkuntzetatik datozkigun hitz edota esamolde berriak alegia. Kontzeptu berri horien euskal ordainak ongi arrazoituz azaldu zituen pandemia-garaian Euskadi Irratiko Faktoria saioan 2019-2022  bitarteko lankidetza-lanetan.  

Autoreak dioen bezala, kazetaritza-generoan erabiltzekoak diren proposamenak dira, berariaz entzuteko eta betiere kontuan hartuz hizkuntza mintzatua. Ez dira arauak, aukera-proposamenak baizik. Adibide baterako, honako hau:

  • Baliotan jarri esamoldea: ingelesetik hartutako hitza da, 'put in value', eta gaztelaniak ere hortik hartu du, 'poner en valor'. Frantsesez, aldiz, 'mettre en valeur', eta alemanez libreago egokitu dute esamolde hori, 'Wert legen' (balioa jarri, balioa ipini, balioa eman). Adolfo Arejitaren hitzetan, kalko estuegia da euskaraz baliotan jarri erabiltzea, eta hortaz, liburuan beste era batzuk hobesten ditu, hala nola balioa eman, Xalbadorren Odolaren mintzoa liburuan dakarren esaldi batean bezala edo balioa eragin, Toribio Etxebarriak Lexicón del euskera dialectal de Eibar liburuan erabili legez, baita Euskadi Irratian erabiltzen duten balioetsi ere.  


Euskaltzainaren iritziz, kazetaritza ez ezik, hezkuntzaren esparrua ere izan daiteke liburu honen xedeetako bat, eta hezkuntza-programetan material lagungarria izan daitekeela pentsaturik idatzi duela adierazi du egileak liburuaren hasieran.  


Erreferentzia bibliografikoa:
Arejita, A. (2022). Faktoriako geziak. Egungo gizarte-kontzeptu berriak euskaraz nola eman: hautuak eta arrazoiak. Euskaltzaindia.


En réponse à Ainara Maya Urroz

Er: FAKTORIAKO GEZIAK: hitz eta esamolde berriei buruzko argibideak

par Hasier Agirre Aranburu,
Interesgarria oso. Ez dira arauak, proposamenak baizik. Komeni da jakitea, ordea, araua aldez aurreko proposamenetik edo haututik etortzen dela, eta ez alderantziz. Arauak ez dira zerutik erortzen, zaparradak bailiran.

Euskaltzaindiak ez du terminologiarik sortzen, esparru bakoitzeko adituek edo arituek sortutakoa finkatzen eta arautzen du. Egunkarietako erredakzioetan edo EITBn, konparazio baterako, egunero-egunero eman behar izaten dituzte sortzen doazen termino berrien ordainak ahalik eta euskararik jatorrenean, eta ez daukate Euskaltzaindiaren zain egoterik.

Euskaltzaindiak ez du hizkuntza egiten, erabilera azterturik arautu eta finkatu baizik. Beraz, Euskaltzaindiari egin dakiokeen mesederik handiena nork bere esparruan bidea ibiltzea, urratzea da, Adolfo Arejitak bere erara egin duen bezalaxe, iritzia beldurrik gabe emanda.

Asteburu on denoi!