Kaixo Marga:
Zure galdera edo zalantza irakurritakoan, gogora etorri zaizkigu azterketa bezperetako urduritasun-egoerak, eta nola ez, azterketariei sortzen zaizkien zalantza horiek, haientzat hain garrantzitsuak direnak. Beste aldean, azterketari horien idazmeneko hizkuntz maila eta gaitasuna neurtzeko ekintza komunikatiboak lantzen eta baloratzen ditugunok gaude: Egiaztatzegintza eta Ebaluazio-arloa, maila bakoitzeko epaimahaiak eta irakasle ere bazareten tutoreak, azterketa-ereduetarako proposamenak lantzen dituzten prestatzaileak, ebaluatzaile-ikertzaileak eta aztertzaileak.
Zure zalantza horrek goian aipatutako guztioi eragiten digu kezka, eta, horregatik, idazmen-probetarako ekintza komunikatiboak lantzean ahalegina egiten da azterketariak zer roletik idatzi behar duen zehazteaz gain, hartzailea ere zehaztekoa. Horrez gain, adierazita izaten dugu azterketariak zer idatzi behar duen (gutuna, iritzi-artikulua, blog baterako sarrera…), idazlanaren zertarakoa eta non ari den idazten (herri-aldizkarian, herritarron txokoan, egunkarian, blog batean…). Horiek kontuan hartuta, idazlan batzuek agurra eska lezakete: aldizkarian eta egunkarian irakuleei zuzendutako gutuna idaztean “Irakurleok/Irakurle horiek/Irakurle hori…” izan liteke agurra. Herritarron txokoan idatzi behar izatekotan, berriz, nori zuzenduta doan “ herritar hori / herritar horiek / kaixo/ udal arduradun hori…”; auzo-elkarte baten izenean idatzi behar izatekotan, azterketariak nori idatzi behar dion eta zertarakoa kontuan hartuta “auzokide hori / auzokide horiek…”. Azterketariari iritzi-artikulua eskatu baldin bazaio, berriz, ez luke agurrik beharko.
Nolabait laburtzearren, ekintza komunikatiboa formulatzean, ez dugu buruan izaten agur jakin bakar bat, eta, garrantzitsuagoa dena, idazmen-proben zuzentze-prozesuari begira zabaldu nahi izaten dugun jarraibideetako bat izaten da agurraren nolakoak bakarrik ezin duela kaltetu idazlanaren egokitasuna. Azken horri dagokionez, malgu jokatzea bultzatu nahi izaten dugu, eta alde horretatik, ona litzateke azterketariei malgutasun horren berri ematea, azterketaren egunean ez dezaten lehenengo oztopoa izan agurra bera.
Zure galderari erantzungo geniolakoan, ongi izan