Hizkuntz kontuak

Bi lokuzio moderno

Bi lokuzio moderno

by Hasier Agirre Aranburu -
Number of replies: 12

Ez zen oharkabean pasatzekoa Egañaren atzoko zutabea. Bi lokuzio, hiru lerroko pasarte laburrean. Euskarak halakoak sortzeko bidea eman dezakeela pentsatzeko aitzakia ederra, inondik ere.

Ez dira lokuzio zentzu klasikoan, unibertsalak baitira eta beren horretan edozein hizkuntzatara itzultzeko modukoak, baina ezin uka horrelakoak ere behar dituela euskarak, eta maisuki ekarriak daudela diskurtsora. Hauek dira:

  • Erregearen Gabonetako diskurtsoak baino kemen gutxiago ukan.
  • Trasatlantikoak baino pereza handiagoz jiratu

Lehenak, indarrik ezaren, ahuldadearen, zozokeriaren edo txepelkeriaren kontzeptu pean luke kabida; bigarrenak, berriz, mantsotasunarenean edo geldotasunarenean.

Horrelako esamoldeak biziki garrantzitsuak dira hizkuntza baten osasunerako. Ahalegindu gaitezen denok ere, ahal dugun neurrian, halakoak zabaltzen.

Beheko estekan duzue artikulua, lokuzioei testuingurua emate alde:

https://www.berria.eus/paperekoa/1881/018/001/2023-02-07/indarrik-eza.htm


In reply to Hasier Agirre Aranburu

Er: Bi lokuzio moderno

by Iñaki Villoslada -

Kaixo Hasier:

Politak..., Egañak sorturiko adierazpide horiek (arrazoi duzu esatean ez direla lokuzioak...). Lehenengoa ez da unibertsala, penintsularra baizik; bigarrena, bai, ordea, guztiz unibertsala, zerbaiteagatik hondoratu zen Titanic: izotz-mendiari ezin izan ziolako itzuri, maniobratzeko zailtasunez.

Edonola ere, horrelakoek gaiztotik asko dute (ez dira izaten politikoki zuzenak), eta bizi-biziak dira hizkuntza guztietan; euskaraz barra-barra sortzeko gaitasuna izan dugu betitik...

Okerrena da gazteek ez dutela jotzen euskal senera horrelakoak sortzeko... Horretan  galtzen ari gara bizitasuna, beste hizkuntzen aldean...

bota itzazue horrelakoen adibideak (bakoitzak bere altxor propioa izango du eta) gustua baduzue:

Iñaki



In reply to Iñaki Villoslada

Er: Bi lokuzio moderno

by Hasier Agirre Aranburu -
Mila esker ekarpenagatik, Iñaki.

Pena da lokuzioak biltzen aritu direnen artean elkarlan-sarerik ez egotea. Zarauzko Hitza (Antigoaleko hitzak), Maite Goñiren bloga (Ikasbilen ezagutzera eman zena) eta beste ekimen dezente daude, baina bi arazo sumatzen ditut nik, batez ere, lokuzioen ikas-irakaskuntza dela-eta:

  • Aipatu dudan lankidetza falta (lokuzioen Orotariko bat, nolabait esatearren).
  • Kontzeptuetatik abiatzea, eta ez lokuzioaren lematik ("porru eginda egon" nekearen kontzeptuaren pean alegia, eta ez "porru"-ren barruan. Zein ikaslek topatuko luke "porru"-ren barruan egonda?

Gaur-gaurkoz, nik dakidala, lokuzioak kontzeptuen pean biltzen dituen lan bakarra Euskal Lokuzioak sarean da. Baina lan eder horrek ere baditu bi hobegarri:

  • Zaharkitu samar dago. Oker ez banago, Internet sortu aurreko lana da.
  • Baditu zenbait hutsegite azpikontzeptuen definizioan ("tanta bat falta" eta "pitzatuta egon", biak erotasunaren barruan; eta "tanta bat falta izatea", agian, sar daiteke adimen-urritasunaren barruan. Pitzatuta egon" ezin sartu da adimen urritasunaren barruan...).

Uste dut UEMAk ere argitaratu zuela lan bat, "esamoldeak gaztelania euskara". Hura ere lan txukuna zen, baina berriro diot, faltan sumatzen dut lan osoago bat.

Bukatzeko: badaude esamolde polit askoak bildu edo jaso gabe. Atzo bertan, lagun bati bidali nion zutabe honen esteka, eta esan zidan bere lankide batek "ahuntzaren muturra baino itsusiagoa" erabiltzen duela itsustasuna adierazteko, eta hori ez dago jasota. Jasota dauden batzuk dira: "Astoaren isats-azpia baino itsusiagoa izan" / "espartzua baino itsusiagoa izan" eta abar.

Jakina, badute gaiztakeriatik, eta batzuk tentuz erabili beharrekoak dira, eta jakin egin behar non erabili eta non ez. HABEko nire lankide baten amak, euria gogotik egiten duenean, "errapeka ari du" esaten omen du. Polit askoa eta jaso gabea, hau ere!

Neu ere ari naiz lokuzioak biltzen eta sailkatzen, baina luze jotzen du. Mokoroaren "Ortik eta emendik" lana ere altxorra da, baina kontzeptuak eta azpikontzeptuak gaztelaniaz daude. Oker ez banago, Euskal Lokuzioak Sarean lanaren ondotik argitaratu zen, eta Orotarikoak berak ez dut uste bi liburuki horietako esamoldeak jasota dituenik. Zuzendu bekit batek edo batek, informazio hau okerra bada...

Badu bat, bereziki polita eta esanguratsua: "nor bere ogitik zopak egiten hasi".

  • Zer, seme-alabak etxean al dituzue oraindik?
  • Bai, hala duk. Oraindik ez dituk beren ogitik zopak egiten hasi.

Egia da gaurko gazteek zopak egitea zer den ere ez dakitela, baina ez da egia txikiagoa jendeak ez dakiela "Cuando el rey se fue a Sevilla, perdió su silla" atsotitzaren atzea zein den ere... Hori dute lokuzioek, finkoenek behintzat eutsi egiten diotela denboraren joanari.

Barkatu egindako sermoia! Gustuko alorra dut. Animatu eta bota zuen lokuzioak. Jaso gabeak badira, are hobe.


Tags:
In reply to Hasier Agirre Aranburu

Er: Bi lokuzio moderno

by Hasier Agirre Aranburu -
Barka, baina azken gauza bat. Euskal lokuzioak ondo aztertuz gero, errazagoa da berriak sortzea: "Atxurrari kirtena moztu" baserri-bizitza utzi eta kalera jaistea bada, zergatik ezin du bulegoan ordenagailuarekin lan egiten duen batek, hedaduraz-edo, "saguari hankak moztu" edo "sagua zepoan erori" erabili?

Nahi baduzue, ariketa hori ipiniko dizuet. Edo lege zaharreko lokuzioren bat plazaratu, edo berritua emanda aurkeztu...
In reply to Hasier Agirre Aranburu

Er: Bi lokuzio moderno

by Kepa Dieguez -
Egun on Hasier:
Sarean Labayruren "Hiztegi fraseologikoa" dugu, ohiko hiztegiarekin batera eta aplikazioa ere badago. Hitz bat ipini, gaztelaniaz zein euskaraz, eta hari lotutako esapideak azaltzen dira. Eten gabeko lana da, apurka-apurka beteaz doazena.
Kepa Diegez


In reply to Kepa Dieguez

Er: Bi lokuzio moderno

by Hasier Agirre Aranburu -
Kaixo, Kepa, aspaldiko! Bai, ezagutzen dut Labayrurena, erabiltzen dut eta zinez ona da. Lokuzio asko eskaintzen ditu, gainera, gaztelaniazkoen ordain gisa, ez bakarra.

Abantaila da gaztelaniatik abiatu daitekeela ikaslea, eta desabantaila, hain zuzen ere, horixe bera da. Ildo metodologiko gisa, nahiago dut kontzeptukakoa. Lokuzioak kontzeptuka sailkatzeak lokuzioaren adiera gehienak biltzea ahalbidetzen du, alde batetik, eta, bestetik berriz, hizkuntza ezberdinetako lokuzioak ez dira beti berdin-berdinak izaten, ñabardurak galtzen dira zenbaitetan.
In reply to Hasier Agirre Aranburu

Er: Bi lokuzio moderno

by Ainara Maya Urroz -
Nik ere maite ditut esamoldeak eta lokuzioak, eta horiek biltzeko lana eman zidan behin Hondarribiko udalak; urtebeteko lana izan zen, hain zuzen ere, 2006-07an: Hondarribiko portuko hizkera aztertzeko asmoz, zenbait elkarrizketa egin nizkien jubilatutako arrantzale batzuei. Elkarrizketa horietatik bertakoak ziren esamoldeak atera nituen, eta helburua zen plazaratzea, baina lan hori ez da argitaratu oraindik... pena! "harri koloka biño faltsuago" bezalako ehunka esamolde hondarribiar bildu nituen.
In reply to Ainara Maya Urroz

Er: Bi lokuzio moderno

by Hasier Agirre Aranburu -
Ziur lan ederra dela! Argia ikusi beharra dauka! Nik, faltsutasunarekin, "diru frantsesa baino faltsuagoa" ezagutzen nuen, baina euroak nolabait ere indarra kendu dio. "Arrabioa baino faltsuagoa" eta "lurra baino faltsuagoa" ere esaten dira. Arrabioa gero eta gutxiago ikusten den musker antzeko bat da...
In reply to Hasier Agirre Aranburu

Er: Bi lokuzio moderno

by Iñaki Villoslada -


Kaixo:

Paremien gaia, deitu lokuzio, esan esaera zahar, klitxe edo nahi duzuena,  filologotzat geure burua dugunontzat entretenigarria da...

Inor aspertu gabe, honekin batera bidaltzen dizuet pdf bat, Aita Justo Maria Mokororen omenez,  bere mendemugaren hasiera zela eta, Euskaltzaindiak gaia jorratu zuenean, jardunaldi batzuetan landutakoak biltzen dituena.

Baina kontuan izan sardina batek bota zuela asto kargatua lurrera...


ondo izan


Iñaki


Iñaki

In reply to Iñaki Villoslada

Er: Bi lokuzio moderno

by Hasier Agirre Aranburu -
Mila esker! Oso interesgarria, bai. Aspaldiko kontuak dira. Garai hartan bazen, nolabait ere, Mokoroaren esamoldeak aletu eta sailkatzeko asmorik: zein diren lokuzio, zein esaera zahar, zein besterik gabe kolokazio... Azkenean, ez zen mamitu.
In reply to Iñaki Villoslada

Er: Bi lokuzio moderno

by Jon Imanol Iturrioz Aldanondo -

Kaixo: nik ere ez nuke nahi inor aspertu. (luze samarra aukeran)

In reply to Jon Imanol Iturrioz Aldanondo

Er: Bi lokuzio moderno

by Hasier Agirre Aranburu -
Ni behintzat ez nauzu aspertu! Testu ederra, gatz eta piper. Ez naiz gehiago luzatuko kontu honekin, balorazio sakonetan sartuko nintzateke-eta!!

Egun on eta asteburu hobea denoi.