Izenburuko egiturak zuzenak dira marratxoarekin nahiz marratxorik gabe.
- Egoera ekonomiko larrian bizi garela eta, ez dugu etorkizun onik ikusten gure seme-alabentzat.
- Egoera ekonomiko larrian bizi garela-eta, ez dugu etorkizun onik ikusten gure seme-alabentzat.
- Ez zidaten eman afaltzen, berandu heldu nintzen eta.
- Ez zidaten eman afaltzen, berandu heldu nintzen-eta.
Zenbaitetan, ordea, oso da gomendagarria marratxoa erabiltzea, argi egiten baitio adierazi beharrekoari:
- Lan-arriskuen prebentzioan aurrerapauso txikiak eman direla-eta prebentzioaren kulturarik ez dagoela salatu zuen hizlariak.
Ikus dezakezuenez, goiko adibidean aurrerapauso txikiak eman izana prebentzio-kulturarik ezaren kausa da. Marratxoa kendu izan bagenio, aldiz, “eta” horrek juntagailu-irakurketa eragingo zukeen eta esanahia bestelakoa zatekeen.
Gogoan izan dezagun, bada, nahasketarako bide eman dezaketen pasarteetan garrantzi handikoa dela marratxoa erabiltzea, eta testu aberatsagoak eta irakurterrazagoak sortuko ditugula halako kontuei erreparatuz gero.