Didaktika

Bertsoak eta ikas-irakaskuntza

Bertsoak eta ikas-irakaskuntza

by Hasier Agirre Aranburu -
Number of replies: 9

Etziko finalaren ataritan, bertsolaritzak euskararen ikas-irakaskuntzan izan dezakeen eraginaren gainean idaztea otu zait. Asko izan omen ziren 60ko hamarraldian, Beattles musika-taldearen letrei esker, ingelesa dezente ikasi zutenak. Harrezkero ere, zer eragin ez ote du izan ingelesaren ikaskuntzan musikak?

Gurera etorrita, gero eta euskal musika-talde gehiago eta hobeak izateaz batera, ezin ahaztu dugu bertsolaritzak euskal komunitatean duen indarra. Xenpelar Dokumentazio Zentroaren esku dagoen Bertsolaritzaren datu-basea (BDB) altxor ederra da euskara ikasteko:

    • Bertsoak entzun egin daitezke, entzumena trebatzeko edo doinuak ikasteko.
    • Transkripzioak ere eskaintzen dira, bertsoak ikasteko edo diskurtsoa aztertzeko.
    • Bertsolarien diskurtsoa berme handikoa da.
    • Gaitasun soziokulturala trebatzeko primerako baliabidea da. Euskaran eta euskal komunitatean murgiltzeko aukera paregabea da.
    • Irakaskuntza ludikoa bultzatzeko modua da, eta abar eta abar eta abar.

Etziko finala girotzeko, Lopategi zenak (Beltza, ezizenez) eta Amurizak osaturiko bertsoaldiaren amua uzten dut hemen zintzilik, inork kosk egin nahiko balio ere. 86ko "Txapela ez dizu emango bikarbonatuak!" hura gaur bertan entzun izan banu bezala daukat iltzatua gogoan! Baita "Zuk pena saltzen duzu, nik alegrantzia!" azken puntu hura ere. Egin ditu hotz-bero batzuk handik honezkerokoan!

Behean duzue bertsoaldiaren esteka. Egañak eta Peñak ospetsu egin zituzten Amonaren bertsoen urte, doinu eta txapelketa berekoa da bertsoaldia.


Tags:
In reply to Hasier Agirre Aranburu

Er: Bertsoak eta ikas-irakaskuntza

by Fabian Laespada -

Mila esker, Hasier!

Gomendio egokia eta ederra, orduko bertsoek zelako manerak zituzten eta oraingoek. Ez da horrenbesteko denborarik izan tarteon, baina bistakoa da bertsogintzak urrats eta salto biziak eman dituela.

Izan ondo eta gehien merezi duenak irabaz dezala!


In reply to Fabian Laespada

Er: Bertsoak eta ikas-irakaskuntza

by Hasier Agirre Aranburu -
Ekarpen ederra, Fabian! Mudantza galanta izan du bertsolaritzak, bai. Esango nuke, hala ere, 82tik 86kora ere aldaketa handia izan zuela: belaunaldi eta bertsokera berria, hizkuntza estandarrera lerratze handiagoa, ikusleen profila...

86koan agertzen dira ingurumenerako kezka eta halako gai moderno zenbait, baina ez dago emakumerik eta adierazgarria da oso nik estekatutako bertsoetan emakumea ahaztu samar dagoela ikustea: tabernara doazen horiek guztiak gizonak dira. Hizkuntza gizartearekin batera aldatzen den arrasto garbia: sartu 86an taberna batera edo sartu gaur, eta erabat ezberdina da aurkituko genukeen jende-modua: ez soilik generoa kontuan izanda, baita txikiteroen desagertze erabatekoa edarien kontsumo-mota edo tabernen dekorazioa bezalakoak kontuan izanda ere, adibide bakan batzuk jartzearren.

Baina bai, bertsoak jakin du eguneratzen, eta diskurtsoaren bilakaera ikuspegi sozialetik dinamikoa izan bada ere, kalitatearen ikuspegitik erabat eutsi zaio, gainditu egin dela ez esatearren.
In reply to Hasier Agirre Aranburu

Er: Bertsoak eta ikas-irakaskuntza

by Lurdes Isart Badiola -
Kaixo denoi!

Bai, horrelaxe da, Hasier. Gure hizkuntzaren lanketan, zabalkundean eta batik bat euskal komunitatean murgiltzeko bertsolaritza azer altxorra dugun. Eskertzekoak dira benetan eman dizkiguzun erreferentzia hauek. Euskaltegian euskara-irakasle nenbilela erabili izan ditugu bertsolaritzaren gaineko erreferentziak, bertso-adibideak, bertsolarien biografiak eta abar. Eta bai, bertsolaritza kultura- eta hizkuntza-emari bikaina da, inondik ere.

Ziur naiz eman dituzun erreferentzia horiek bati baino gehiago baliagarri egingo zaizkiola.
In reply to Hasier Agirre Aranburu

Er: Bertsoak eta ikas-irakaskuntza

by Ainara Maya Urroz -
Eskerrik hanitx, Hasier, idatzitako loturengatik!
Herenegungo giroa bikaina izan zen Iruñeko "Areetan", eta benetan gozatu nuela hitzekin! Gozamen hori transmititzea litzateke beharbada euskara-irakasle ororen lehen eginbeharrik zailena, gozatzen ikasteko irakastea, ongi pasatzen ikasten baita ongien, eta barneratzen da muinetaraino ikasitakoa.
Lujanbio izan zen ene uste apalean onena igandean, baina zer da "onena" izatea? gustuko izatea? beraz, zenbat buru, hainbat gustu eta gustuko "onenen". Bertso-epaileek ez zuten batere erraz izan, eta bigarren postu horretan ere beste edozein ikusten nuen nik; maila, egia esateko, berdintsua eta pareko, baina edonola ere goi-maila erakutsi zuten denek. Nerea, potoak poto, iritsi zitzaidan goiz-arratsalde niri pertsonalki; Amets ere bikain, nahiz eta bera ere zuzentasunean kasu bakanetan ez fin ibili, batzuetan tirri-tarra (puzkerka), besteetan tirriki-tarraka (nekez ibili), eta azkenerako tiki-taka (urratsez urrats) Messiren pare buruz burukoraino!
Egia erran, Iruñean egun pasa polita egin nuen nik neronek, hitzekin gozatuz... urte xahar hau bukatzen hasteko eta neguaren ataria gabon-suaz berotzeko modu on bat, doike!
Eskerrik asko denei... "eta mingaina dantza dezagun borroka irabazteko desesperantzari!" (Maialen Lujanbio, 2022ko abenduaren 18an)
In reply to Ainara Maya Urroz

Er: Bertsoak eta ikas-irakaskuntza

by Hasier Agirre Aranburu -
Mila esker ekarpenagatik, Ainara! Txapela buru onean dago, eta, batez ere, bertsoa eta euskara izan dira txapeldun. Barkatzen badidazu, "tirri-tarra" puzkar-hotsa baino gehixeago dela esango nuke, eta Ametsek ez zuela oker erabili. Traste-hotsa, mugimendu neketsua... Hona Orotarikoan zer ageri den:


tirri-tarra.
I. (Onomat. y adv.).
1. "(V, G, AN), onomat. del cuesco. Arabarra, tirri-tarra, ik uztarra, nik sagarra (V-gip)" A.
Baserritarra tirri-tarra, jo popan da errekara. (V-m). EZBB I 60.
2. (Ref. al ruido de trastos).
Tirri-tarra jarraituz / kuxina-lanean. Zendoia 81. Tirri-tarra perola, / zartaia ta kazoz, / apala txukun bete / katillu ta basoz. Ib. 48.
3. (Andar, desenvolverse, etc.) con dificultad
Benetako osasunik ezaren mende tirri-tarra ibilliko zan egunik egun eta urterik urte. Onaind STeresa 51.
In reply to Hasier Agirre Aranburu

Er: Bertsoak eta ikas-irakaskuntza

by Ainara Maya Urroz -
Dudarik gabe txapeldunen finala izan zela...
Ai oi.. onomatopeien mundu miragarria...! bertsoekin batera neure hizkuntza aberasteko aukera izan nuen, Ametsen ahotik "zirri-zarra" ere aditu nuelarik:

Duda argitzeko berriz
hitzak zirri-zarra
“ez aita, ezta B planik
hautsi lege zaharra”
zer da neska, zer mutila
zer eme, zer arra?
Nor demontrek ekarri du
zehaztu beharra
gurasoa ohi da haurren
lehen hezkuntz adarra
baina guk Hegoaldean
daukagu Iparra
harengandik ikastea
da bide bakarra.
(Iturria: ARGIA astekaria)

Bertsoez gozatzen ari nintzela igandean, aurreko beste bi onomatopeia horiekin lotu nuen: kontua da bertsoez gozatuz hitzekin jolastea eta hizkuntza bera berrasmatuz hizkuntzaren biziraupen biziari eustea...ala?


In reply to Ainara Maya Urroz

Er: Bertsoak eta ikas-irakaskuntza

by Hasier Agirre Aranburu -
Ba al dakizu zein den Bertsozale Elkartearen irizpideetako bat? Ahal den neurrian, ahaztuxe dauden hitzak diskurtsora ekartzea, berreskuratzea. Irakaskuntzaren helburua justu kontrakoa da, eta oso zentzuzkoa da gainera: diskurtsoan ohikoenak eta errepikatuenak diren moldeak irakatsi behar dira, hizkuntza barneratzen eta komunitatean murgiltzen ari den erabiltzaile horri laguntzeko. Horrek badu bere logika helduen hezkuntzan. Hezkuntza arautuan ere bai, lehen urteetan behintzat.

Baina Euskaltzaindia, nire ustez, xelebre dabil kontu batzuetan, Euskaltzaindia ez baita euskaldun berrientzako edo ikasleentzako erakunde bat. Euskaltzaindia ez da HABE. Euskaltzaindia euskaldun guztientzat ikuspegi deskribatzaile batetik arauak ezartzen dituen erakundea da. Eta Euskaltzaindiak aholkatzea, JAGONETen bertan, erabilera generikorako egokiagoa dela "babarrun" "indaba" baino, egia esan, nahiko infantila iruditzen zait. Badakizu, galdera xelebreak erantzun xelebrea izaten du. Zerbait erantzun behar eta...

Nire ustez, hizkuntzaren aberastasunaren aurka goaz bete-betean. Hortaz, esan dezagun denok "ziztu egin" eta utzi dezagun "zintz egin" familiarako edo txakurrei esateko?? Faborez! Laster C1eko sinonimo-ariketak osatu ezinik geratuko gara. Ez da akademikoa izan behar murrizkeria horretaz ohartzeko. Xelebrekeria handiak ari gara egiten batasunaren ustezko mesedetan. Gero eta periferia gehiago dago aparte, gero eta zokoratuago. Espainolak eta frantsesak kritikatzen ditugu, baina berdin-berdinak gara: zentralistak, jakobinoak. Gure gizarte honetan, helburua jada ez da nork bere burua superatzea, guztiok erdipurdikeria berera makurtzea baizik.

Euskaltzaindiari jaramon egin behar zaio, ni lehenengoa, baina Euskaltzaindiak ezin erabaki du den-den-den-dena ere!! Inork ez du ezer esaten Euskaltzaindiaren erabaki batzuen aurka, eta hori txarra da Euskaltzaindiarentzat berarentzat ere.

Horrelaxe kontuak. Ondo izan denok!
In reply to Hasier Agirre Aranburu

Er: Bertsoak eta ikas-irakaskuntza

by Ainara Maya Urroz -
Eskerrik asko ba, Hasier, zure argibide guztiengatik!
Bai, ados, Euskaltzaindiari kasu egin behar zaio baina kontuan hartuz, zuk diozun bezala, den-dena ezin duela arautu... portzierto, Euskaltzaindiak berriki bere webgunean bertsogintzari buruzko hiztegia argitaratu du, eta hori kontuan hartzekoa izango ahal da!