Biak ala biak (bi-biak) / biek ala biek (bi-biek) esamolde enfatikoak, gure-gure direnak, maiz askotan agertu ohi zaizkigu nor eta nork-nor erako esaldietan. Honatx, adibide bana:
- Oihana Azkorbebeitia (Abadiño, 1981) eta Leire Baraibar (Areso, 1979) izango dira hizlariak, biak ala biak hainbat podiumetara igotakoak (https://azpeitia.eus/es/resoluciones-de-las-ayudas-de-los-anos-2015-2019/item/7656-mendi-lasterketak-eta-emakumeak-hitzaldia-bihar-basazabalen).
- Bi-biek egin zitean Egiptoko bidaia; Nilo ibai-bazterretik itzalen istorio bat ekarri zian hire Talesek[...]; nire Pitagorasek, berriz, zenbakien istorio bat, hiri maiz aipatu niana (https://www.ehu.eus/eeh/cgi/bila?z=3604&l=b).
Gainerako kasuetan, nolanahi ere, nekezago topatzen ditugu aipatutako bi esamoldeak. Jakizue baina, inork zalantzarik balu ere, inolako debekurik gabe erabili daitezkeela deklinabide-kasu guztietan, beheko taulan ikus daitekeen bezala:
Bi-biak |
Biak ala biak |
Bi-biek |
Biek ala biek |
Bi-biei |
Biei ala biei |
Bi-bien |
Bien ala bien |
… |
… |
Biak ala biak erakoetan, bi osagaiek hartzen dute postposizio-atzizkia; bi-biak motakoetan, aldiz, bigarrenak soilik. Hona zenbait testutatik ateratako adibide batzuk, beroietan ikusten baita ondoen formaren erabilera askotarikoa:
- Galde daiteke, era berean (hori besterik ez dira gutunak), afektuen gurutzaketa horrek balio ote duen bi filosofoen pentsamendua hobeto ulertzeko, filosofia izan baitzen bien ala bien bizitzan oinarrizko eta funtsezkoa (https://www.elcorreo.com/zurekin/hannah-arendt-maitasuna-20210712103132-nt.html)
- Bi-bitakoa da, beraz, azterketa, bi-biotan baita itzulpen-bidea esanguratsua. Lehenak ematen ditu sarri ahazten diren itzulinguru soziolinguistikoak, eta bigarrenak, bestalde, garai bateko euskal traduktologiaren bideetan sarrarazten du irakurlea, egun ere baliagarri izan daitekeena (Dominique Dufau notario senpertarraren testu juridikoak euskaraz: lexikoa eta itzultze-lana).
Informazio osagarria:
- Bi-biak, biak ala biak / Isabel Etxeberria Ramírez / 31 eskutik
- Euskaltzaindiaren Hiztegia / bi sarrera