Fardel-hitzak??

Fardel-hitzak??

by Hasier Agirre Aranburu -
Number of replies: 4

Morfologikoki gainjarritako gutxienez bi hitzez osatutako hitz berriak dira fardel-hitzak. Lewis Carroll-en liburu batean urratu zitzaion bidea terminoari, Jabberwocky izeneko poema baten bitartez hain justu. Poema horretako hitzak bitxitzat jotzen ditu Humpty Dumpty izeneko pertsonaia batek, eta maleten edo fardelen gisakoak direla aipatzen du: bi esanahi, hitz bakarrera bilduak.

Hizkuntzalariek hitz-gurutzaketa edo kontaminazio terminoak ere badarabiltzate aipatu fenomenoa adierazteko: Brexit (Britain eta Exit bat eginda), Milka (Milk + Cacao), Brunch (Breakfast + Lunch) edo Burkini (Burka + Bikini) berrititzak (neologismoak), esaterako, fardel-hitz dira.

Gurera, hizkuntzen didaktikara etorrita ere, aipatu izan digu Iñaki Murua lankideak IRAKASBILen bertan “Prosumitzaile” hitza,  oker handirik gabe fardel-hitz jo daitekeena, “produktore” eta “kontsumitzaile” hitz bateginez osaturiko beste berri bat baita.

Carroll-en garaian frantsesesko portmanteau hitza baliatzen zen fardela adierazteko eta hala erabili zuen berak ere; hortik beraz hizkuntza gehienek zegoen horretan bereganatu izana. Gaztelaniaz eta ingelesez, kasurako, portmanteau erabiltzen da. Katalanek mot creuat eta mot maleta erabiltzen dituzte, eta badituzte beren fardel-hitz propioak: poler (poder + voler) edo boirum (boira + fum), adibide pare bat jartzearren. Alemaniarrek Kofferwort gisa bataiatu dute fenomenoa, baina badituzte adiera gehiago ere.

Egokia iruditzen al zaizue euskaraz zorioneko portmanteau hauek  fardel-hitz gisa bataiatzea? Bururatzen al zaizue euskarazko fardel-hitzik? Hona nire bat, asmatu berria: eusperantza.

Bota zeuonak ospoza aporbetxatuz!



Informazio osagarria:


In reply to Hasier Agirre Aranburu

Er: Fardel-hitzak??

by Borja Ariztimuño Lopez -
Nik portmanteau edo blending irakurri izan dut beti, baina euskaraz sortzea ere ez dago gaizki. Aukeran, nahiago "maletitz" edota "ontzitz" (ez nahastu "hitzontzi"-rekin), halako sasi-portmanteau bat erabilita, zer deritzozue?
Artikulu honetan euskaraz nahiko errotuta(?) dauden bi aipatzen dira, euskañol eta zahartrosi, baina izango dira gehiago, ohikoagoak diren mailegatutakoez gain. Adibide bat ekartzearren, mansplaining esateko arzalpen sortu zen; eta, neure uztatik, boteprontoan bieramun otu zait, 'bierak (garagardoak) dakarren biharamuna', alegia.
 
Ostiral on!
In reply to Borja Ariztimuño Lopez

Er: Fardel-hitzak??

by Ainara Maya Urroz -
Fardel-hitza frantsesezko portmanteau terminologia linguistikotik datorrela eta, beste hizkuntza batzuetan honela itzuli dute: katalanez mot creuat (gurutzatutako hitzak), alemanez kofferwort (maleta-hitza) edo schachwort (xake-hitza), txekieraz kontaminace (kutsadura) eta ingelesez nahiz gaztelaniaz jatorrizkoa darabilte.

Nik ongi deritzot mailegatutako hitz hori euskaratzeari eta zer hobe "fardel-hitz" edo portemanteau horietako bat sortzea baino? "maletitz" edo "ontzitz" horrela bat-batean asmakizun onak iruditzen zaizkit. Nik neronek portemanteau terminoaren berri ez nuen, baina euskaraz badira batzuk, besteak beste, zuek aipatutakoak, eta niri neroni atera zitzaidana behin poema batean "pozura" ere gurutzatutako hitz edo "gurutzitz" horietako bat ote? tristurak eragindako malkoak ez badira, alaitasunaren edo pozaren malkoak direlako esateko.

Asteburuaren ataritan eguzkia ageri zaigu, eta ostiral on zuei ere...
In reply to Hasier Agirre Aranburu

Er: Fardel-hitzak??

by Iñaki Villoslada -
Borjak apuntatu duen bidetik euskañol aipatzean: euskeranto... Gainera sarrera du Orotarikoan:

"euskeranto.
 Norbaiten irudimen liluragarriak sortu duen euskerantoak berak ere badu arbasorik Eleizaldek kontatzen digunez [...]: "recuerdo que, por ese motivo, tuvo don Julio de Urkixo la benévola ocurrencia de llamarle euskal-esperantista". MEIG VII 91. "