Hizkuntz kontuak

-T(z)e alde(ra) / -tu alde forma aniztuna, helburua adierazteko

-T(z)e alde(ra) / -tu alde forma aniztuna, helburua adierazteko

by Hasier Agirre Aranburu -
Number of replies: 2

Egun, dezente erabiltzen da -t(z)e alde(ra) forma, Euskararen Gramatikak helburuzko perpausak eratzekoen artean sailkatzen duena; egungo diskurtsoan, adlatiboa atzetik duela ageri ohi da gehienean. Adb.:

  • “Antzezlan erreala egite aldera, benetako arazoak planteatu ditugu obran”.

Adlatiborik batere gabe ere erabili daiteke, ordea. Hizkera mintzatua islatuz San Martinek idatzitako lanean, esaterako, badira gramatika berriak biltzen dituen adibide bi:

  • “Berari laguntze alde, serenoa bere (ere bizkaieraz) hasi zen duro bila”.
  • “Pernandori adarra jotze alde, hasi zen kantuan”.

Partizipioarekin (-tu alde) erabiltzea ere zuzena da Euskararen Gramatikaren arabera, nahiz oso bakan agertu. Behean duzue Patziku Perurenaren Koloreak “Orixe”ren begian idazlanetik ateratako lagin bat:

  • “Ondoren, berarekin ezkondu alde, Erregeren alaba gaixoa sendatu nahi duten hiru mutilen ipuineko aurrena” (Patziku Perurena, 1992, 437. or.)

 

Hortaz, testuetan, eskuarki, forma hau adlatiboa atzetik duela topatuagatik, ez dezagun ahaztu aldaera murritzagoak ere badituela eta horiek ere zuzenak jo behar direla.



Informazio osagarria:

Gramatika Batzordea. Euskaltzaindia. (2021). Euskararen Gramatika (1690-91. or.)

 


In reply to Hasier Agirre Aranburu

Er: -T(z)e alde(ra) / -tu alde forma aniztuna, helburua adierazteko

by Mikel Hoyos -
Egia da azkenaldi honetan erruz handitu dela -tze aldera formaren erabilera, baina esango nuke kasu gehientsuenetan helburuzko balioarekin erabiltzen duela jendeak, alegia, -tzeko asmoarekin edo -tzeko helburuarekin formen sinonimo gisa.

Baina kontuan izan behar da ez dela hori bere adiera bakarra, horrez gain badituela beste bi adiera:

  1. "Esate aldera esan" edo "Hitz egite aldera hitz egin"; alegia, "hablar por hablar" gaztelaniazko formaren parekoa litzatekeena, eta
  2. "-ren truke" esanahiarekin; adibidez, "Etxea margotze aldera mila euro eman dizkio".

Agian, hain erabiliak ez diren beste bi adiera edo erabilera jator hauek ere bultzatu beharko genituzke, aberastasunaren mesedetan. Horixe nire iritzia.
In reply to Mikel Hoyos

Er: -T(z)e alde(ra) / -tu alde forma aniztuna, helburua adierazteko

by Hasier Agirre Aranburu -
Egun on! Arrazoi osoa duzu. Zuk aipatzen dituzun adierak ere biltzen ditu Euskararen Gramatikak. Aldaera ezberdinak ez ezik, adierak ere ezberdinak ditu. Herri-hizkeran dezente erabili izan dira zeuk hona ekarriak: "Sail edo terreno bat garbitze alde (garbitzearen truke) eman" eta halakoak.

Ekarpen ona, mila esker!