GIELEren IV. jardunaldia

GIELEren IV. jardunaldia

by Ana Labaka -
Number of replies: 1
 

Hiru urte luzeren ondoren, laugarren jardunaldia antolatu ahal izan du GIELEk aurten.

Jardunaldi hauen helburu nagusia da hizkuntzak ebaluatzeko ekimenen berri eman eta jasotzeko bilgunea izatea, eta, aurtengoan, Madrilgo Jesus Maestro Hizkuntza Eskola Ofiziala izan da antolatzailea. 120 lagun elkartu ginen irailaren 30ean eta urriaren 1ean, hala nola hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleak eta unibertsitateetako eta erakunde egiaztatzaileetako ordezkariak. Han izan ziren, halaber, HABEko zenbait teknikari.

Irailaren 30erako aldibereko lau saio proposatu zituen Hizkuntza Eskolak, eta gaietako bakoitza sakon landu ahal izan zen. Ikerketa, lineako ebaluazioa, ahozkotasuna eta bitartekotza izan zituzten ardatz saioek, eta oso harrera ona izan zuten. Ideiak, kezkak, hausnarketak… partekatzeko guneak izan ziren parte-hartzaileentzat, eta ekarpen interesgarriak jaso ziren lan-talde guztietan. Arloko jendea ezagutzeko eta harremanak egiteko gune ere bihurtu ziren.

Larunbaterako, egun osoko programazioa prestatu zuen antolakuntzak, eta, ohiko agurraren ondoren, lineako ebaluazioari buruzko mahai-inguruak eman zion hasiera jardunaldiari. Ibilbide horretan egindako urratsen berri eman zuten zenbait erakundek, eta ez ziren falta izan bide horretan aurkitu zituzten zailtasunei buruzko iruzkinak. Baina etorkizunari begira ere jarri ziren hizlariak, eta azpimarratzekoa da bide horretan sakontzen jarraitzeko beharrari eman zioten balioa.

Aldibereko hitzaldien txanda izan zen jarraian, eta askotariko gaiak landu ziren, besteak beste, proba-sortzaileen prestakuntza, azterketek sortzen duten antsietatea, azterketen zuzentzaileen prestakuntza eta ikuskaritzen abantailak eta desabantailak. Erakundeen ordezkariek beraien esperientzien berri eman zuten.

Arratsaldean, talde-lanari eman zitzaion bide, eta, berriro ere, ebaluazioa eta ikerketa landu ziren, gai horiek hizkuntzen-irakaskuntza eta egiaztatzegintzan duten garrantziaren erakusgarri.

Jardunaldiari amaiera emateko, berriz, etorkizuneko proiektuak izan ziren hizketagai.

Saioak praktikoak, interesgarriak eta parte-hartzaileak izan ziren, eta azpimarratzekoa da saioetan parte hartzeko teknologia berriak erabiltzeko aukera eman izana: QR kodea, Mentimeter…

Honen guztionen berri sakonago izan nahi duenak, laster izango ditu eskuragarri aurkezpenak eta, sarreratxo honen jarraipen moduan, horren berri emango dizuegu.