Kaixo:
Iñaki Muruak bidalitako Animalien ongizatea eta beganismoa: oinarrizko lexikoan izeneko esteka sakatuta, hiru kontzeptuk eman didate arreta besteak beste: izaki sentitzaile, kaleko animalia, konpainia-animalia… Nire artean, kontzeptu horiek “retronimoak” ote dira? Hitz hori 2022ko irailaren 11n, igandean, El País egunkariko artikulu batek zekarren. Ez dut esteka jarriko, zeren orain online osorik irakurtzeko egunkarira harpidetuta egotea eskatzen du. Dena den, hauxe da izenburua: “El alegre avance de los retrónimos” (Alex Grijelmo).
Artikulu
horrek esaten duenez, gaia oso gutxi izan da ikertua. Adibidez, María Lozano
Zahonero eta Monica Palmerini ikerleak aipatzen ditu, eta ikerketa-lan hau: Aproximación al estudio de la retronimia en español: principios teóricos y analisis computacional de datos masivos.
Gaia gutxi ikertu
delako izango da ez dela hainbat hiztegitan agertzen aipatutako hitza. Adibidez, RAEn edo
Euskaltzaindiaren Hiztegian. Izan ere, Retro hitza badakar Euskaltzaindiaren
Hiztegiak, baina “retrónimo” edo "retronimia" hitzen baliokiderik ez. Euskaltermen ez dago,
Elhuyarren hiztegian ere ez… Wikipediak ematen du definizioa, baina hitz horiei lotutako euskarazko testurik ez dago wikipedian.
“Retronimoak” lirateke “esne osoa”, “garagardo alkoholduna”, “ordulari analogikoa”¸ “zine mutua”, “telefono finkoa”… Alegia, garai batean guztiak ziren “telefono”, baina telefono mugikorra edo eskukoa sortzean, aurrekoak, berriengandik bereizteko, “retrónimo” baten bidez izendatzen dira: “telefono finkoa”. Portzierto, zer “retrónimo” sortuko ote luke “harategi begetarianoa” (Donostiako Gros auzoan behintzat bat badago) kontzeptuak?