Ebaluazioa

Baldintzazko perpausak eta kohesio-aberastasuna

Baldintzazko perpausak eta kohesio-aberastasuna

by Hasier Agirre Aranburu -
Number of replies: 2

 

Artikuluaren nondik norakoak

Zinez da emankorra eta zabala Euskararen Gramatika-n baldintzazko perpausen gainean egiten den deskribapena. Berrogei eta hamar orri beteko lan mardula, horratik ere! Asko du bertara jotzea irakurleak, baldintzazko perpausen eta bestelakoen (kontu hau nabarmendu nahi dut artikuluan, batik bat) erabidean egitura askotariko eta oparoekin topo egitez gero.

Egia esatera, gramatika batek, ebaluaziora etorrita, zuzentasun-gogoetak eragiten dizkigu maizenik. Hori da beharbada gure lehen joera: hizkuntza-formaren bat zuzena den edo ez jakitea, Euskaltzaindiaren azken erabaki gramatikalen berri izatea. Ordea, esango nuke baldintzazko perpausen inguruko atal honek, egituren kopurua eta oparotasuna dela-eta, komenentzia ederra jartzen digula perpausen kohesioaz eta beroien aberastasunaz hausnartzeko ere. Adierazpide testualen oparotasuna izango du, horrenbestean, urratu beharreko ildo artikulu honek, eta ez hizkuntza-adierazpideen edo egituren zuzentasun hutsa. Eta oparotasun edo aberastasun hori, betiere, eguneroko ebaluazio parametro edo irizpide legez ulertuta; ez hainbeste egiaztatzegintzaren edo azken ebaluazioaren ikuspegitik, baizik, dezentez areago, eguneroko ebaluazio hezitzailearenetik. Hau da, egunero entseatu, trebatu edo findu beharreko parametro gisa. Eta horri loturik, artikuluari buru emateko, egin nahi nuke hausnarketa xume bat ere, Euskaltzaindiaren gramatika-lan berri honen ikuspegiaz edo aurkezmoldeaz.

 

Baldintzazko erabide oparoak

Aipatu berri dudan aberastasunaren ispilu, bereziki ohargarriak egin zaizkit, Euskararen Gramatika-n, aditz-izenetik abiatuta eratzen diren baldintzazko perpaus jokatugabeak [-tzekotan (-tzekotz) / -tzera(t) / -tzez gero / -tuenean], aditz partizipioa oinarri dutenak (-tuz gero / -tu ezean / -tu ezik) baino agian ahaztuxeagoak, egungo diskurtsoan. Letra lodiz nabarmendutakoak, apika, nekezago topatzen dira gure garaiotan. Merezi du, merezi duenez, aditz-izena oinarri duten erabide horiek, gramatika berrira jo, eta bertatik bertara irakurtzea (1554. orrialdetik 1559 orrialde arterainokoa, hain justu ere), xehetasun guztien jabe egiteko. Honatx, azaletik bada ere, ezagueran sartzeko adibide batzuk, kasik guztiak Euskararen Gramatika berritik ekarriak:

-T(z)ekotan / -t(z)ekotz (sinonimo dira bi erabideak)
“Inori laguntzekotan, zuri lagunduko dizut”
“Gehiago ez entseatzekotz, hobe duzu ikasketen uztea”
-T(z)ez gero
“Hain ondasun gutxirekin zoriontsu izatez gero, ez duzu lanera joan beharrik”
“Garbi zegoen, inork lortzez gero, Mirenek lortuko zuela”
-T(z)era(t)
Egoera-aditz (izan, jakin, egon…) batzuetara mugatzen da, gehienean, forma honen erabilera:
“Zumalakarregik Lizarrara bidaliko zintuen, egia jakitera” (hor egia bila dabilena ez da bigarren pertsonan dagoen hori! Zumalakarregik, egia jakin izan balu, bidaliko zuen bigarren hori…)
“Hori jakitera, ez nintzen etxetik irtengo”
“Diru gehiago izatera, etxe dotoreago bat erosiko nuen”
“Egia esatera, ez nuen uste hain urrun iritsiko zinenik”
-Tuenean
“Inor izanenean (izatekotan), arrantzaleak izango ziren epaile lanerako egokienak”.
“Ere” diskurtso-markatzailea lagun, gertakortasun edo arrisku kutsu aurrerago aipatuko duguna hartzen du:
“Elurra eginenean ere, har itzazu kateak”
Ez da egun oso erabilia Mendebaldeko euskara jatorri duen erabide hau, baina irakurtzen da han-hemenka, artikulu batzuetan:
“Jar diezaiokegu izena ere, nahi izanenean” (Bizargorri / Diario Vasco)
Zer + aditzoina + ere
Forma hau, berezia izaki, ez dut aurreratu lehen besteekin batean; aditzoina du, izan ere, oinarri, eta ez aditz-izena. Merezi du, baina, aipatzea. Esapide egin samarrak dira molde honetako gehienak, nekez topatuko ditugunak zenbait gertakizun-aditzetatik aparte:
“Zer gerta ere, dena idatziko dizut”
“Zer hel ere, hirugarren atorra armairuan du”
Nabarmentzekoa da “ere” gabeko beste hau ere:
“Zer nahi gerta, Piarresek errana egin zuten”
“Non (eta) ez… -n”
Goiko hau berriz erabide jokatua da, baina aipagarria, ezezko baldintza-perpausak osatzekoa baita eta aurreko gehienak baino erabilixeagoa ere bai. Baldintzazko perpausak, molde edo egitura honen bitartez, arras du salbuespen-zantzu zorrotza, ondore-perpausari begira:
“Bihar horretaz mintzatuko dira, non (eta) ez diegun holako gairik aipatzea debekatzen” (1546. or.).
Bigarren adibide hau egungo lege-testu batekoa da. Duen salbuespen-zantzu zorrotz horregatik apika, dezentetan ageri ohi da halakoetan:
“Webgune honen edukia ezin izango du informazioa berreskuratzeko ezein sistemak erreproduzitu ez osorik, ez zati batean, ez transmititu, ez erregistratu, ezein modutan eta ezein bitartekotan, non eta ez duen erakunde horrek horretarako emandako aldez aurreko baimena, idazki bidez emandakoa betiere.” (http://www.sestaoberri.eus/informazio-legala/)
-Ba aurrizkia baldintzaz bestekoetan
Baldintzazko perpausen atalean arreta gehien erakarri didan kontua, baina, zera da: baldintzazko -ba aditz aurrizkia abiapuntu, zenbat eta zenbat egitura ez ote daitezke eratu baldintzaz bestekoak? Enuntziatuaren eta enuntziatzearen baldintzak bereizten dira, horrenbestez, azken gramatika honetan, eta aditzera ematen, izatez baldintza-enuntziatu den -ba aurrizkiak beste zerbait enuntziatzen edo adierazten ere dukeela uste baino gehiagotan. Garai bateko adierazlearen eta adieraziaren bikote hori ekartzen du gomutara, azalberriturik, oraingo enuntziatu-enuntziatze bereizketak. “Solas jokoak eta inferentzia bidezko erabilerak” izenburupean (1521. or.), halako enuntziatzeak, batzuk ezagunagoak eta bestetzuk zokoratuagoak, txertatzen dira baldintzazko perpausen atal honetan. Ahalegin handia – eta arrakastatsua erantsiko nuke – egin da, ez soilik enuntziatuen deskribapen gramatikal izate-izatezkoa egiten, baizik eta, orobat, diskurtsoak itsasten dien logika pragmatikoa eta honen ondoriozko eraginak ikusarazten: hots, inplikazio-loturak eta abarrak agerian jartzen (nahiz inplikazio-lotura horiei sailkapen semantiko beregainik egin ez, geroago azalduko dudanez). Aipatu berri dudanaren erakusgarri, hona hemen gehienean baldintzazko adiera duen –ba aditz aurrizkiak dituen bestelako erabilera bi:
-Ba aurrizkia gertakortasun edo arrisku adieran (bekus “tuenean ere” erabidea harekin duen antzekotasuna sumatu nahi duenak)
“Aterkia hartuko dut, euria egiten badu ere“
“Hobe dugu hemendik joatea, inor etortzen bada ere”
-Ba aurrizkia aurkaritza adieran
“Lehen beti elkarrekin ibiltzen baziren, orain haserre daudela dirudi”
Kontuz, ez baita kontzesiozko baziren ere, alde samar dabilen arren. Beheko adibideak argigarriagoak dira, onenean:
“Errealaren ezezkoarekin semea izugarri atsekabetu bazen, gurasoek lasaitu ederra hartu zuten”
“Emazteari Chopin gustatzen bazitzaion, senarrari Mozart”

 

Aberastasuna eta ebaluazioa

Hizkuntzaren katean, hein handi edo txikiagoan, denok gara katebegi. Euskaltzaindiak hizkuntza-egituren deskribapen ahalik eta osoena egin du erabiltzaileei baliabideak eskaintze horretan, baina bera ez beste eragile batzuen esku dago haien zabalkundea. Zenbatenaz egitura gehiago baliatu kazetaritza-, literatura- edo administrazio-hizkeran, esparru batzuk aipatzearren, hainbatenaz errazagoa izango da gure munduan, ikas-irakaskuntzakoan ere, egitura horiek usuago topatzea, egun sekula ez legez oinarritzen baita irakaskuntza testu errealetan. Eta testu erreal horiek berak dira Euskaltzaindiak, bidenabar, corpusetara ekartzen dituenak, tradizioan erabilerarik handiena duten egiturekin erkatu eta nagusitzen ari direnen berri emateko. Badirudi gurpil-zoro digital horren baitan dagoela, horrenbestez, gure etorkizuneko hizkuntzaren aberastasun-gradua, eta araberan ere, nola ez, ikas-irakaskuntzarena.

Idazlanetan eta abar, ikasleari feedbacka emateko garaian (baita azterketak zuzentzean ere), errazagoa zaigu beharbada zuzenketa-hutsegiteak gorriz azpimarratzea, egitura edo testu-adierazpide errepikakorretan indar egitea baino. Goi mailako ikasleek (C lerrunekoek), erran nahi baita autonomia-maila handikoek, badute behar beste gaitasun Euskararen gramatika mamitsu honetan beren kabuz murgil egiteko, bertako perpaus-erabideak aztertu eta erabiltzen ahalegintzeko. Ez dute lehenbizitik asmatuko, jakina, baina aritze horretan hobetu egingo bide da haien maila. Autonomia-maila txikiagokoen diskurtsoa aberasten, berriz, pisu handiagoa izan lezake irakasleak, zor zaien neurrian betiere. Esan beharrik ere ez dago, perpausak eratzeko moldeen oparotasunagatik batez ere, gramatika honek sekulako babesa eta bermea ematen dizkiola irakasleari (eta, oro har, erabiltzaileari) egunerokorako. Noiz edo noiz irakasle arituak badaki, jakin ere, hizkuntza-maila apaleneko ikasleak ere gauza direla, aldiz aldizka, uste baino aterabide zailagoa duten galderak egiteko: “Irakasle, nola esaten da por si viene euskaraz?” Halakoetan, irakasleari buruhaustea egiten zaio zer erantzun (honek guztiak lotura du beherago gramatika aurkezteko moduari egiten diodan kritika eraikitzaile eta, beharbada, zuztarrik gabearekin…):

a)    “Deskuiduan etortzen bada” ahozko kutsu handia duena proposatuko diot?

b)    Euskararen Gramatika-n ageri den “etortzen bada ere” ez hain zabaldua proposatuko diot?

c)    “Gerta daiteke etortzea eta beraz…” edo “… etorri daiteke-eta” erako saihesbideak proposatuko dizkiot?

Mailak gorabehera, ikasleek premia edo behar jakin batzuk (unean uneko ekoizpenak bere dituenak) ohi dituzte idazlanak edo ahozko diskurtsoak taxutzean. Eta une jakin batean goiko molde horietakoren bat edo besteren bat behar duen ikasleari eskaini edo aurkiarazi egin behar zaio alternatibaren bat, ahalik eta egokien zein agudoen. Ez da berriketa. Berehalakotasun horrek garbi islatzen du irakaskuntzaren berezko korapilo-mataza gure egoera diglosikoan areagotzen dena. Halako zailtasunei aurre emateko, uste dut lanabes bikaina dela Euskararen Gramatika. Iruditzen zait, gainera, apustu sendoa egin dela egun horren ezagunak ez zaizkigun erabideak deskribatzen eta gizarteratzen. 

Euskararen Gramatika eta erabideen sailkatzea

Artikulu hasieran aurreratutako gramatika aurkezteko moldeari dagokionez, eta gramatikari tatxaren bat jartzekotz, zera litzateke: egituren edo erabideen ikusgarritasunerako, aukeran, mesedegarri zitekeela irizpide semantikoa, egitura edo erabideen sailkapenari eragiten baitio, gehixeago lehenetsia, aurrez aipatu ditugun inplikazio-lotura horiei autonomia handixeagoa emana. Konparazio batera: -Ba aurrizkiak aurkaritza edo gertakortasuna adierazten dituenetan, ez al luke, nolabait ere, adiera horien barruan behar? Ez ote litzateke onerako, menderakuntza-perpausen sailkapenera aurkaritza edo gertakortasuna bezalako adierak edo kontzeptuak gehitzea? Erlatibozkoei, kausazkoei, konparaziozkoei, helburuzkoei eta abarrei, betiko horiei, ikusgarritasunaren onuratan, berri batzuk gaineratzea litzateke kontua, erabiltzaileari, ekoizteko garaian, aukerak zabaltzeko. Bestela esanda: zer ikasle edo erabiltzailek atera lekioke etekinik, aurkaritza edo gertakortasuna enuntziatzen duen egitura edo erabide bati, baldintzazko perpausen zakuan egonik? Horixe da, bat behar eta, oraindainokoan gramatika-lan sendo honi aurkitzen diodan eragozpen edo hobekuntza-premia bakarra. Eta berriro diot: beharbada, funtsik gabea.

Ez dakit azaltzen asmatu ote dudan. Bego horretan ahalegintxoa!



In reply to Hasier Agirre Aranburu

Er: Baldintzazko perpausak eta kohesio-aberastasuna

by marga ibáñez -
Biziki interesanta.. Labur-labur..." por si"... aipatutakoez gain " ba- ...ere" erabiltzen omen da. "Zer hel ere"..." zer heltzen bada ere..."...Holan esan zidaten niri....


In reply to marga ibáñez

Er: Baldintzazko perpausak eta kohesio-aberastasuna

by Hasier Agirre Aranburu -
Pozten naiz gustatua. Konturatu berri naiz bi aldiz itsatsi nuela artikulua foroan! Erratarik ere bada: "zuzenketa-akats"-en lekuan "zuzentasun-akats" behar zuen. Ez da errepasatu gabez gertatu, ez horixe! Baina tira, beti izaten da erorikoren bat... San Prudentzio gaur izan!!

Zure eranskina dela-eta, ez daukat diozun horren berri; ezin ziurtatu edo ukatu dut, beraz. Badirudi "bada ere" horrek aditz-izena eskatzen duela: "Joan gaitezen hemendik, etortzen bada ere". "Zer hel ere" bezalakoek, ostera, aditz-oina dute oinarri, eta ez dira jokatzen. Horixe baino ezin dizut esan.

Ondo izan!