Ondoriozko perpausak menderakuntzaz, alborakuntzaz nahiz diskurtso-markatzaileen bidez eratu litezke.
Menderakuntzazkoetan, haietan artikulu honek indar egin nahi baitu, bi termino edo osagai ageri zaizkigu beti: batetik, intentsitatea markatzen duen morfema (hain, hainbeste, hala, halako moldez…) daramana; bestetik, berriz, lehen horren ondorioa adierazten duena (beheko adibidean “non” morfema aurretik duela, baina beste zenbait ere har ditzakeena). Hauxe litzateke aipatutakoa, adibidera ekarrita: “Hain ondo mintzatu da ikaslea, non txundituta geratu baita klaustro osoa”. Intentsitate-markatzailerik gabe, ezagun da, ondorioak ez luke zentzurik halakoetan.
Ohartuko zinetenez, intentsitatea markatzen duen morfema hori hala kuantifikatzaile (hain, hainbeste, hainbesteraino…) zein kalifikatzaile (hala, halako, halako eran…) izan daiteke. Hona adibide batzuk, Euskaltzaindiaren azken gramatika joria baita oso adibideetan (konbinazio guztien berri nahi izatera, 1497. orrialdetik aurrera dituzue ondoriozko perpausen gainekoak):
- “Zeren hain da itsusia plagio hitza, bota orduko dena kutsatzen baitu” (Berria)
- “Hain doilorrak izan dira, zein eta ez didaten atera trago bat” (Mogel)
- “ Baina zu hainbesteraino aborrezitu zara, non horrezaz kontentatu ez zara” (Kardaberaz)
- “Bizitzaren historia hain da konplexua, ezen ezinezkoa da xehetasun guztiak iragartzea” (Egunkaria)
- “Gaur zu ikusteak pozten nau hala, non iruditzen zaidan jai handi bat dela” (Bilintx)
- “Halako berriak zabaldu ziren, non biziki kezkaturik gelditu ziren denak”
- “Halako moduan aurkitzen da nekatua, ezik ez dezake aldean pauso bat eman, bada bere aztalak koloka dauzka” (Otaegi)
- “Halako errabiagaz esan ohi dituzte, ze* edonork sinistu legike bihotz-bihotzetik direla” (Astarloa)
*Ohargarria benetan Bizkaian tradizioa duen “ze” morfema hori. Badirudi freskotasun handia duela ahozkorako ere. Hau ez dator Euskaltzaindiaren gramatikan, nire baratzeko porrua da.
…
Ondoriozko perpausak ahozkoan
Bistan da adibide horiek, gehientsuak bederen, arrotz samar zaizkigula ahozko hizkeran, eta bide horretatik doa, gutxi-asko, iritsi nahi dudan helmuga. Badirudi, ez menderakuntzaren bidea, ezpada alborakuntzarena dela ahozkoan ondoriozko perpausak osatzeko molderik jatorrena: “Herritar denek gura zioten: hain zen zintzoa” (Agirre); “Bere biziarengatik ez zuen inork txanpon bat emango. Hainbesteraino ahuldu zen” (J.A. Irazusta).
Badira, ordea, beste modu batzuk ere. Hizkera arruntean erabiltzen den hau, kasu, aurki daiteke Euskaltzaindiaren gramatika berrian, 1502. orrialdeko azpi-ohar lau zenbakidunean:
- “Den garestiarekin, ezin izango dut etxe hori erosi”
- “Pentsa” aditz iragarlea ere ez da estrategia txarra. Hau ez dator gramatikan, baina balio lezake, intentsitatea markatzen baitu, eta bigarren osagaiaren ondorio-errematea iragartzen:
- “Pentsa zein nekatuta zegoen: besaulkian geratu zen lo”
Noan, ordea, artikuluaren muina den eta zuzen ebaluatzearekin zerikusi handiena duen auzira, ez baita kaltean izango hitz batzuk esatea aspaldion hainbestetan entzuten dugun –(e)la menderagailu ondorio-perpausetakoaz. Garatek okertzat jotzen du erabilera hori, eta Euskaltzaindiak berak, 1501. orrialdeko azpi-oharrean, leku egiten dio, nolabait ere, Garateren iritziari. Orrialde bereko 33.2.2a atalean, baina, zera diosku:
- “Ahozko hizkeran, Hegoaldean batez ere, -(e)la menderagailua ezartzen zaio askotan ondorio perpausari: Hain ondo mintzatu da, txundituta utzi dituela denak. Erabilera horrek, ordea, ez du tradiziorik, eta orain baino lehenagoko testuetan ez da ageri kasu bakan batzuetan izan ezik. Gaur egungo testuetan maizago ageri da: Hain dago ziur, nire fedea ere kolokan jartzea lortzen duela (Berria); Hain ziren narratsak, ez zirela sinesgarriak (Berria); Orain, berriz, hainbeste arindu da, haizeak eramaten duela (Argia); Hainbeste handitu da eze, jendartea bi multzotan banatuta irudikatzen dela (Berria) –eze morfemarekin–. Euskara jasoan eta zainduan, hala ere, aurreko paragrafoetan aipatutako moldeak erabiltzen dira batez ere, hau da. –(e)n edo bait-menderagailua daraman menderakuntza, perpausaren aurrean ondorio-morfema duena, edota alborakuntza.
Laburbilduz:
Ez da erraza ondorio-perpausen inguruan ondorio garbi-garbirik edo zuri-beltzekorik ateratzen. Badirudi, aurreko batean Iñaki Villoslada ebaluazio-atalburuak aurreratu gisara, ebaluatu beharreko mailak eta erregistroak (idatzia edota ahozkoa) izan dezaketela halakoetan ikustekorik. Nolanahi den ere, eta bukatzeko, ez dirudi gramatika deskribatzaile honetan tradiziorik eza hizkuntza-formen agramatikaltasuna erabakitzeko zirt edo zarteko irizpidea denik. Tradizio handiagoko eta neurri batean txikiagoko erabilerak deskribatzen dira, eta lehenak hobesten, bigarrenak erabat baztertzeke.