Euskaltzaindiaren azken gramatikak, Euskararen Gramatika izenekoak, konparazio proportzionala eta progresiboa azaltzen eta bereizten ditu (ikus 1476. or).
Konparazio proportzionalean, proportzionaltasuna gordetzen da mendeko perpausaren (“zenbat” morfemaduna) eta perpaus nagusiaren (“hainbat” morfemaduna) artean, eta hortik, beraz, bere izena. Konparazio baterako: “Lur hori zenbat eta gehiago lantzen dugun, orduan eta landare bikainagoak emango ditu” (M. Atxaga).
Konparaketa proportzionalaren barrutikoak dira, hain justu, “zenbat (eta)… -ago / orduan (hainbat) eta –ago”gisakoak. “Zenbat” hori izan daiteke “zenbatenaz” edo “zenbatez” ere, eta beste hainbeste gertatzen da “hainbat”-ekin: erabil daitezke “hainbatenaz” edo “hainbatez” bezalakoak… Euskalkiaren gorabeheran dago hori.
Konparazio progresiboan, aldiz, denboran aurrera doazen prozesu bi alderatzen dira. Denbora da progresioaren berariazko adierazpena. “Gero (eta) -ago” da molderik ohikoena, baina badaude beste ez hain gutxi ere: “Gero eta gero”, “gero baino gero”, edo “beti eta -ago” iparraldean, batzuk aipatze alde.
Behin hori argituta, komeni da eranstea, ordea, konparazio proportzionala progresibo ere gerta daitekeela zenbaitetan: “Zenbat gorago igo, hainbat nekatuago aurkitzen zen”. Alegia, biak nahasten direla.
Aurreko horrekin guztiarekin du ikustekoa 1479. orrialdean ematen zaigun arau edo gomendioak. Hauxe dio, hitzez hitz: “Gaur egun, gero(z) eta forma erabiltzen dute batzuek konparazio proportzionalaren erreferentzia moduan denbora progresioaren adierazpenik ez denean ere, haren korrelatua askotan orduan eta dela: Geroz eta auto hobea izan, orduan eta seguruago egongo gara gure gizarte mailan (Berria). Denbora progresioaren adierazpenik ez denean, hala ere, egokiago da ohiko zenbat eta forma erabiltzea”.
Gomendioa kontuan izanda, beraz, ez genuke, ebaluatzeko garaian behinik behin, gero eta / orduan eta moldea okertzat jo behar. Besterik da, nola ez, irakaskuntzan hobetsi gabeko formari lehentasuna ematea. “Bi aldiz neurtu eta behin moztu”, dio euskal esaera zaharrak. Arotzarentzat ez ezik, balio bide du ebaluatzailearentzat ere…