"Testuak erakusten du bazegoela ondare komun zaharrago bat, oso hedatua" izenburua duen albistea plazaratu da joan den asteburuan. Bertan
adierazi den bezala, "2020an Gipuzkoako Artxibo Historikoan aurkitu zen eskuizkribua, lurraldeko zaharrena, aztertu du Borja Ariztimuño ikertzaileak". HABEn lankide dugu egun Borja, Curriculumaren Garapena eta Prestakuntza arloan hain zuzen. Halaber,
berak idatzi eta abenduan argitaratu den artikulu bat aipatzen da: "Ohar filologikoak Azkoitiko testu aurkitu berriaz: irakurketa proposamena".
Hona hemen artikulu horren laburpena:
Lan honetan, 1515 inguruko Azkoitiko poemen edizio kritikoa eskaintzen da, testuon aurkezpenean plazaratu transkripzio paleografikotik eta behin-behineko azterketa filologikotik abiatuta, helburua izanik alderdi ilunak argitzeko proposamenak aurkeztea
eta hizkuntzaren analisi zehatzagoa egitea. Hala, poemen banaketa eta haien barneko egitura berria proposatzen da. Halaber, lehenago identifikatu ez diren ezaugarri batzuk deskribatu dira eta oro har, zailtasunak zailtasun, testua Gipuzkoa mendebaleko
euskara arkaikoaren barruan koka daitekeela defendatu (batik bat aditz morfologiari erreparatuz; cf. eztet, naçu, niagon, çatan, vanijoean); hala ere, ustekabeko bequela ‘bezala’ aldaera azaltzeko,
isoglosen aldakortasun diakronikoa ez ezik, poemen beren edota idatziz paratu zituen pertsonaren jatorria gehiago ikertzea ezinbestekotzat jotzen da, emaitza fidagarriagoak erdieste aldera.
Informazio osagarria:
- Ariztimuño Lopez, B. (2021). Ohar Filologikoak Azkoitiko Testu Aurkitu Berriaz: Irakurketa Proposamena. Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio De Urquijo". https://ojs.ehu.eus/index.php/ASJU/article/view/23317
- Azurmendi, N. (2022, urtarrilaren 8a). Testuak erakusten du bazegoela ondare komun zaharrago bat, oso hedatua. El Diario Vasco. https://www.diariovasco.com/culturas/testuak-erakusten-bazegoela-20220108185627-nt.html