Atrixun batez joan zaigu urtea, eta azkenaldian txori txiki baten eztula ateratzen zait, ganorazko zerbait esan nahian, eta mukiak sudur-hodietatik kentzeko asmoz zintz egiten dut. Batzuetan zintz egiteko betarik gabe, atrixun egiten dut bat-batean, eta orduan hitzez ezin atera daudenak jalgitzen dira kanpora.
Enara hau galdurik dabil negu hotz honetan, ezin berotuz bihotza, azken urteotako balantzea egiten ari naiz, eta aurtengo bilana negatibo atera zait azken antigeno-probetan. Izan ere, nik ez dut ezeren errurik, den-dena maitasunez eta bihotzez egin baitut, hori da egia; ene “akatsa” beharbada maitemintzea izan da, baina maitemintzea ez da aukeratzen, laketzen (egokitzen) baita nigan pixkanaka.
Beraz, aurten gertatu zaidan ezustekoa izan da ene lagunik onenaz maitemintzea, iazko urte zahar arratsetik hona pausatzen joan zaidan lehenagoko maitasuna. Ez dut planik aurtengo gabon zaharrerako, ene desioa harekin gaua pasatzea den arren.
Eta atrixun egin baino lehen, hori dena bota dizuet bat-batean. Euskaltzaindiaren hiztegian aurkitu ez dudan hitza, baina aditz hori aspaldian eta txikitatik dut ene barneko hiztegi sentimentalean. Haur hizkeran erabilitako “atxis” edo Euskal Herri zati handi batean hain zabalduta dagoen “doministiku” hitzaren baliokidea, baina nik ez dut EHHAn topatu, nahiz eta antzeko zerbait aurkitu honako herri hauetan:
Donamarian “atruxin”, Zilbetin “atrije”, Dorraun “atriia in” edota Arbizun “atija”, baina amaren herrian, Oitzen (Donamaria parean) “atrixun” erraiten da, eta ez da ageri Euskaltzaindiaren hiztegian.
Itxaro Bordak Atxix! egin du gaurko BERRIA egunkarian, eta niri hau dena atera zait atrixun batez ezustean. Zoriona besterena dela sentitzen dudan une honetan, urte xahar honen amaieran zoriontsu izan. Baina ez norbaitegatik, ezta zerbaitegatik ere. Agian norbaitekin bai. Ezta hori ere!
Izan hadi, irakurle, lankide,
lagun, izan zoriontsu arrazoirik gabe, azken batean merezi duzulako, azken
batean merezi dudalako, azken batean merezi dugulako, ene maite. URTE BERRI ON 2022!
