Didaktika-foroa

Poesia, euskara ikasteko motibo

Poesia, euskara ikasteko motibo

by Ainara Maya Urroz -
Number of replies: 5
2021eko HATSAREN POESIA liburua-antologia, 23.ean aidanez.
2021eko hatsaren poesia

“Gustatuko litzaidake…” izan zen B2 mailako zenbait ikasleren abiapuntu poema bat idazteko, ikasgelan egitura sintaktiko hori lantzen ari zirela probestuz, eta poema horiek guztiak poema-liburu batean argitaratu ziren iaz. Euskararen zenbait egituraz praktikan jabetzeko, sormena lantzea bide erakargarria izan daiteke, eta arnasgune ere bai teorian ikasitakoa praktikan jartzeko.  

Idazle eta sortzaile izatea bada aurrera segitzeko arrazoi bat, kontsumitzaile eta hartzaile huts izatetik haratago, mundu honetan norbera denetik aletxo bat jartzeko aukera eta besteen ale baliotsuetatik ikasteko okasioa.  

Hala bada, euskaltegietako ikasleen helburu bakar ez dadin izan egiaztatzegintza eta azterketa bat egitea, denon ardura ere bada ikaslea euskal kulturaren partaide egitera bultzatzea, euskal literaturara aktore gisa erakartzea, eta horrela idaztearen bidetik irakurle kritiko bilakatzera, edo sinpleki irakurketaz gozatzera, izan poesia, narratiba edota saiakera.  

Gustatuko litzaidake adieraztea neuri ere umil iazko liburuan parte hartu zuen B2 mailako ikasle bati egokitu zitzaiola zoriz aurtengo liburuaren sar-hitza edo hitzaurrea idaztea, eta euskara bera dela poemarik ederrena idatzi zuen bere hitzaurre hunkigarrian. 




Baina zuk, zer diozu? sormena erabiliko zenuke motibazioa pizteko?  liburu batean argitaratzearen ideia pizgarri al da idazteko?

AO: Gaizki erranak ahantzi eta onak gogoan hartu, otoi... eta barka atrebentzia, baina ekarpen xume hau egin nahi nuen didaktikan, ene esperientzia pertsonal arrakastatsu bat adierazi, besteon probetxurako.



In reply to Ainara Maya Urroz

Er: POESIA, EUSKARA IKASTEKO MOTIBO

by Begoña Azpiazu -
Bejondaizula, Ainara. Egia esan ez dut liburua irakurri, baina ikasleak egindako hitzaurrea bada ere, gustura irakurriko nuke. Ez da, ez, erraza ikastalde batean horrelako erantzuna jasotzea; irakasleak izango du nolabaiteko "magia-gaitasuna", diot.
Esan bezala, zorionak eta eskerrik asko gurekin partekatzeagatik.
In reply to Begoña Azpiazu

Er: POESIA, EUSKARA IKASTEKO MOTIBO

by Jon Imanol Iturrioz Aldanondo -

Nik ere gauza bera zuri, bejondeizula Ainara! Nik ere liburuak irakurri ez, baina bai eskuartean izan, bai 2020koa bai 2021ekoa. Eta baita ezuste politak aurkitu ere. 2020koan hauxe idatzi zuen, "Gustatuko litzaidake" moldearen harira, B2ko euskara-ikasle boliviar irundartuak, Mabel Garcia Quisberth-ek.

Kaixo, Hatsa:  

Gustatuko litzaidake esatea

Euskal Herria leku ederra dela bizitzeko.

Gustatuko litzaidake esatea

Euskal Herriak mendia eta hondartzak dituela.

Euskal Herriak hizkuntza bat duela, munduko zaharrenetakoa: Euskara.

Gustatuko litzaidake esatea

euskaldunek beren hizkuntza sasi guztien gainetik defenditzen dutela.

Horrexegatik izan dut euskara ikasteko grina; haien hizkuntza. Orain, nirea ere badena.  

Mabelek berak idatzi zuen 2021eko liburuari zegokion sarrera, eta hauxe dio besteak beste:

Euskara, euskara, hain goxoa da zure doinua!

Zure doinua lehen aldiz entzutean, txunditu egin nintzen. Lehenengo hitza hauxe izan zen: "Kaixo". Zer da "Kaixo"? galdetu nion neure buruari. Harrezkero, zu ikasteko ikusmin handiz nago, baina, egia esan, ez zara hain erraza; izan ere, zu ikasi ez ezik, zu bizi ere egin behar zaitugu. [...] Niretzat zu, EUSKARA, zara olerki bat.

Ederrak hitzak bi liburuotakoak. Eta bi liburuotan zu ibili zara editore, Ainara Maia. Eta poesia bat edo beste ere idatzi duzu, eta hainbat DBH eskolatako poesia-tailerren irakasle ere ageri zara, eta itzultzaile. Adibidez, Mihajlo Sviderskiren Week poema itzuli duzu. Baina ez dugu ia ezagutzen Sviderski. Bai, ordea, Hatsaren poesia Olerki bilduma 2020 eta Hatsaren poesia Olerki Bilduma 2021ean ageri diren beste zenbait: Amaia Lasa, Miren Agur Meabe, Itxaro Borda, "Bizargorri", Fito Rodriguez, Antton Kazabon, Tere Irastortza, Pako Aristi, Joseba Aurkerenena, Aurelia Arkotxa....  500 orrialde inguru, euskararekin gozatu nahi duenarentzat.        


In reply to Jon Imanol Iturrioz Aldanondo

Er: POESIA, EUSKARA IKASTEKO MOTIBO

by Ainara Maya Urroz -
Eskerrik asko Jon Imanol eta Begoña, eta bai, irakaslearen magia-gaitasuna ere garrantzitsua izan da, batez ere bere poesia-zaletasuna! zuen bien hitzek kuraiez bete naute, eta horregatik nago eskerroneko.

Poesia izan da ene bizitzan pertsonalki salbatzaile, aurrera segitzeko arrazoi eta bide, eta horregatik beharbada bultzatu nahi dut inguruan eta hezkuntzan poesia eta sormena, baina batez ere sentiberatasuna. Mundu hau hobeago egiteko balio du sentiberatasun horrek, eta poesia-tailerretako giro adiskidetsua eta sortzailea maite dut, elkarren artean saretzeko bide ematen du; hori egin dute kasu honetan Bidasoako AEKn.
In reply to Ainara Maya Urroz

Er: POESIA, EUSKARA IKASTEKO MOTIBO

by Jon Imanol Iturrioz Aldanondo -

Kaixo, Ainara:

Ez dago eskerrak eman beharrik, baina zuri bai berriro; izan ere, zure ahaleginari esker jabetu gara aipatutako bi liburu horietako batean bi bertso ageri direla  gure lankide eta HABEKO MIKen sustatzaileetako bat izan zen Enrike Larrarteren omenez. Honela dio, zortziko nagusian, Juanma Sarasola Murgiak idatzitako bi bertso horietako batek:

Estudiatuz ta ikertuz zenuen

zeure burua aski jantzi,

jakinduria zabaltzekotan

dexente zenuen idatzi,

erein zenuen haziak badu

askorentzat garrantzi,

familiak ta hurbilekook

ezingo zaitugu ahantzi!


In reply to Jon Imanol Iturrioz Aldanondo

Er: POESIA, EUSKARA IKASTEKO MOTIBO

by Ainara Maya Urroz -
Milesker bioi!

Gogorik baduzue ikasgeletan edozein mailatan poesia lantzeko eta poesiaz gozatzeko, eta datorren urteko HATSAREN POESIA liburuan ikasleen olerkiak argitaratzeko, hona hemen proposamena eta gonbidapena:

2022ko HATSAREN POESIA libururako olerkiak bidaltzeko deialdia.

Olerkari maitea:
Datorren urteko 24. "Hatsaren Poesia" olerki-bilduma liburua elkarrekin sortzea proposatzen dugu beste behin ere, Durangoko Azoka gainean dugun honetan; bide batez erran, heldu den abenduaren 8an arratsaldeko 18:00etan aurtengo liburuaren aurkezpena eginen dugula Durangoko azokaren Ahotseneako Musika-eskolaren gunean. Gonbidaturik zaudete!

Beti bezala, itxaropen handi batekin pentsatzen dugu olerkari aunitzen oihartzuna ukaitea datorren urteko HATSAREN POESIA liburuan, eta posta elektroniko honekin batera, oroitu nahi dugu datorren urteko sar-hitza aspaldi hatsakide dugun Joseba Aurkenerenari egokitu zitzaiola zoriz, eta datorren urteko liburuaren azalerako edozein proposamen jasotzeko prest gaudela.

Zuei denoi ere parte hartzeko gonbidapena zabaldu nahi dizuet, eta honako hau galdegiten dautzuegu:
  1. Olerki bat bederen igorri, edo bizpahiru gehienez ere bidal diezagukezu, eta horrekin batera biografia labur bat, gehienez ere lauzpabortz lerro. Horrez gain, berria bazara Euskal poeten bilgune honetan, labur-labur idatzi biografiaren azpian zer den zuretzat poesia.
  2. Zure aurpegiaren argazki bat ere nahi genuke.

Azken epea bidaltzeko 2022ko Urtarrilaren 15a izanen duzue, eta bi modu duzue horretarako:
  1. Helbide elektroniko honen bidez: hatsarenpoesia@gmail.com
  2. Posta arruntez: Eliza kalea 10, 5. ezker, 20302 Irun, Gipuzkoa, Euskal Herria.
  3. Baldintzarik gabe eta zentsurarik gabe olerki guziak apirilaren lehen igandez, ohitura den bezala, 2022ko apirilaren 3an, 'Hatsaren Poesia' egunean publikatuak izanen dira, eta egun hori behin-behinekoz gordeko dugu liburuaren aurkezpena egiteko.

Zure inguruan diren olerkari idazleei mezu hau ZABALDU, otoi! Denontzat tokia izango da liburuaren barnean!
URTEXAHARRA ONTSA BUKA ETA HOBEKI HASI URTEBERRIA!

Hatsa elkartea
Oxtikenia
64310 Senpere,
Lapurdi, Euskal Herria

AO: Oroitu Auxtin Zamoraren SU-HATSA erakusketa poetikoa erakusgai dagoela Irisarrin, eta heldu den abenduaren 17an duela azken eguna.

su-hatsa