Garaziko herria benedika dadila, zeren eta garaztar batek erran daut berriki IBIA berez naturalki egiten dena dela, eta BIDEA, ordea, egin egiten dugula gizakiok.
Hori entzunik, Euskaltzaindiaren web orrian sartu naiz, eta hiztegi batuan honako sarrera hauek jartzen ditu hitz bakoitzerako:
IBIA
iz. Ibai batean, uraren sakontasun txikiagatik, oinez igaro daitekeen tokia. Ibia igaro.
Horren kasu dira zenbait euskal toponimo, hala nola "Zaldibia", "Behobia", "Hondarribia".
Zaldibia, beraz, ez da zaldiek nahita prestatzen duten bidea, baizik eta zaldiak toki jakin batetik pasatzearen ondorioz eta indarrez, pixkanaka pasabide natural bihurtzen dena. Behobia behorrek pasatzearen poderioz berez dagoen igarobidea, eta Hondarribia hondar artetik dagoen pasabide naturala.
BIDEA
1 iz. Lur zerrenda, bertatik ibiltzeko prestatua dena. Ik. errepide; burdinbide; gurdibide; zeharbide. Asteasutik Larraulerako bidea egin aurretik. Bide nagusia. Bide erreala. Bide zabala, handia, meharra, hertsia, estua. Bide laua, zelaia. Bide zeiharra. Bide zuzena, makurra, okerra. Bide ona, txarra, gaitza. Bideko hautsa. Bideko nekea (Ik.bideko1). Bide ondoetan eta bidegurutzeetan suak egitea. Bide ostatuetan. Bide-saltzaile bati erosia.