Egiten dinat, bai, maila pertsonalean eta zenbait lagunekin, harremana hurbilagoa edo konfiantzazkoagoa izan dadin, edo harremana horrelakoa delako, lagunartekoa.
Familian txikitatik egin zait hurbilekoa toka nahiz noka, baina hezkuntza sisteman sartu nintzelarik, euskara batu formala ikasarazi ziguten, eta etxekoa baztertu genuen, edo ez genuen garrantzitsutzat hartu. Amatxi zenak haserretzen zitzaidalarik erraten zidan, eta amak beti darabil toka nahiz noka familian eta lagunarte hurbilean.
Hezkuntza arautuan, berriz, aditz-sistemaren barnean ikasi genuen ikastolan, baina erabilera noiz eta nola erabiltzen zen ez ziguten erakutsi, baina nik uste dut indar handia lukeela erabilera sustatzeko, ematen baitigu nokak aukera gurea esateko zu bati, eta ez aireari edo nor zehazgabe bati.
XVI.mendean euskara Nafarroa hegoaldean egiten zela badakigu, baina hitanoz ere egiten zutela badakigu ezkontza-auzi baten ondorioz:
http://www.vc.ehu.es/gordailua/Ezkontza_fedea.htm
Duela hiru mende Joana ez zen bere Martinekin espostu, aurretik ezkon zina eman bazioten ere elkarri lekukorik gabe. 1547ko dokumentu batek bi gauza erakutsi dizkit: bata, Utergan, Nafarroaren hegoaldean, euskara egiten zela, euskara garbia eta egungo eta hemengo euskararen oso antzekoa. Bestea, ezkontza bi pertsonaren arteko maitasun-aitortza bat dela soilik, elizara edo udaletxera joan beharrik gabe, bikotea aurrez aurre elkarri bizi arteko zina emanez. Sanpedrotan Joana eta Martin maitemindurik zeudenez, biak aurrez aurre eskutik heldurik elkarri zin egin zioten toka eta noka:
– Nic Martin y Joanna arçenaut neure alaroçacat eta hic arnaçan yre esposocat eta prometacen dinat ez verce emazteric eguiteco y vaycen vici naycen artean eta guardaceco lealtadea. ala fede ala fede ala fede.
– Nic Joanna y Martin arçenaut neure sposocat eta hic arnacac eure sposacat, eta prometacen diat ez verce senarric eguiteco vici naycen artean eta guardaceco lealtadea. Ala fede ala fede, ala fede.