Gai jakin baten inguruan norberak hartzen duen postura egoki defendatzen jakiteak balore soziala eta profesionala du; edonork balioesten duen abilezia baita. Halere, gerta daiteke geure buruari ez galdetzea zein egitura litzatekeen egokiena, edota zein argudio-estrategia litzatekeen indartsuena arrakasta lortzeko.
Els secrets de parlar en public liburuan[1] BLAIRek eta JONHSONek proposatutako hiru irizpide dakarzkigute egileek argudio-egitura bat egokia den ala ez balioesteko:
- Sinesgarriak behar dute izan argudioak.
- Adierazgarriak eta koherenteak euren artean, eta
- Tesia defendatzeko nahikoak.
Horretaz gain, argudiatzaile on izateko dekalogo bat proposatzen diote irakurleari:
I. Argi izatea defendatu beharreko tesia eta, komeni zaion moduan, argudioak ongi antolatuta aurkeztea.
II. Argudioak modu argian eta ongi justifikatuta azaltzea.
III. Aurkariaren ikuspuntua ulertzeko ahaleginak egitea.
IV. Puntu edota atalen batean amore emateko prest agertzea.
V. Gai sentikorren inguruan bromarik ez egitea.
VI. Gaitik ez urruntzen saiatzea.
VII, Balio handiko justifikazioak eskaintzea.
VIII. Erabiltzen diren amarruaz eta falaziaz kontziente izatea.
IX. Jarrera hartzailea eta lasaia mantentzea.
X. Ekarpen laburrak egitea.
Argudiatzeko garaian, bakoitzak berezko estiloa omen du eta, horrenbestez, saiatu behar omen du zein duen berezkoa aurkitzen eta, ondoren, sendotzen. Baina, zein da zurea?
Erreferentzia bibliografikoa:
[1] Casas, M.; Castellá, J.; eta Vilá, M. (2016): Els secrets de parlar en pùblic. Guia pràctica per a profesionals. Barcelona, Eumo Editorial.