#zuzentest, Gasteizko IKAren galderak euskara-ikasleentzat

Argitaratua: Monday, 24 June 2024, 1:00 PM
Zuzentest

Astean behin Gasteizko IKA euskaltegiaren sare sozialetan publiko egiten diren galderak dira #zuzentest-ak, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburua oinarri. Irudiz lagunduak, astelehenetan egiten dira publiko, astearteetan pistaren bat ematen da haien inguruan eta asteazkenetan, erantzuna eta azalpena.

Zuzentest adibide bat

Abiapuntua

Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE) 2018an argitaratu zen, eta euskararen irakaskuntzan gabiltzanoi segituan egin zitzaigun eguneroko tresna. EBEren helburua da Euskaltzaindiak emanak dituen arauak, gomendioak eta irizpenak era didaktiko eta pedagogikoan ematea.

Gasteizko IKAn, pandemia-garaian, barne-formazio modura WhatsApp bidezko galdetegia egiten hasi ziren: EBEren sarrera bat hartu, eta galdera moduan planteatzen zitzaien irakasleei. Helburua zen euskaltegiko irakasleak EBEren online bertsioan zalantzak bilatzen trebatzea, jolas txiki baten bitartez. Dinamika horrek "EBEren txokoa" izan zuen izena.

EBEren txokoa

Irakasleentzat hasi zena, ikasleentzat ere egokia izango zelakoan sare sozialen bitartez zabaltzen hasi ziren, eta orduan sortu zen #zuzentest. 2021-2022 ikasturtean izan zen hori.

Zer da, baina, #zuzentest

Astero Gasteizko IKAren sare sozialetan irudi formatuan argitaratzen den test-galdera motzen bilduma da #zuzentest. Aktualitatea oinarri batzuetan, “Zein da zuzena?” moduko galderak bota ohi dira, bizpahiru erantzun posiblerekin. Gaur egun, Instagram, Twitter/X eta Facebooken argitaratzen dira, eta astero 150 lagun pasatxok hartzen dute parte. Astelehenetan, galdera plazaratu ohi da. Astearteetan, quiz motako story bat Instagramen. Eta asteazkenetan, hiru sare sozialetan erantzuna eta azalpena ematen zaizkie parte-hartzaileei.

Zuzentest story


Zuzentest instagramen


Bide eta lan gehiago

Orain, ordea, jende gehiagok ere hartzen du parte jokoan, Egunean Behin-en sartu baitira galdera bihurri hauek. Ez dira gutxi euskaltegira kexaka joan direnak #zuzentest-en galderengatik ez dutela kuadrillako taldean lehen postuan amaitu!

Egunean Behin-en

Dena den, ez da Gasteizko IKAk sare sozialetan publiko egiten duen eduki bakarra: maila baxuagokoetarako azalpen-bideoak ere plazaratzen dira, baita maila aurreratuetako ikasleentzako reel formatuko bideo-azalpen laburrak ostiraletan ere, #ostireel izenekoak.

Reel didaktikoak