Zenbateko "auto" autoikaskuntzan?

Argitaratua: ostirala, 1992(e)ko abuztuaren 21(e)an, 10:50(e)tan
bestelako lankidetzak

"Autoikaskuntza" eta "ikaslearen independentzia" terminoek laguntza eta gidaririk gabe ari den ikaslearen irudia dakarte askotan burura. Baina hori ez da horrela; eta ez da desiragarria ere. Era asko dauzkate eskuetan materialen sortzaile eta autoikaskuntza-gelaren antolatzaileek ikasleari, honen aukeratzeko askatasuna errespetatuz, baliabideak taxuz erabiltzen laguntzeko.
Modu bat materialak ikasleak probetxugarrienak aukeratzeko eran antolatzea da (esate baterako, gaika sailka daitezke). Beste alderdi bat, garrantzi handikoa hau ere, ikasleak prestatzea (horretarako material bereziak sortuz, estrategia eraginkorren bitartez baliabideak egoki erabiltzen lagunduko dietenak). Azkenik, taldeko lan gidatuak antolatu, baliabidetegiko hainbat lekutara bideratzeko moduan. Azken lan hauek, begien bistakoa denez, ez dira oso-osorik "auto" izango; baina, nolanahi ere, irakasleak ez du ataza obratzea bera gidatzen. Era honetan ikaslea gidatu egiten da eta harengan eragin ere bai, baina askatasuna kendu gabe.