X fonema (ixa) ahoskera zaindua maileguetan

Published: Wednesday, 19 November 2025, 1:26 PM
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Area of knowledge:
  • Hizkuntza-arloa:
    • Linguistics
  • Author of the introduction:
    • Villoslada Fernández, Iñaki
Euskararen kutxa_Irakasbil
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Area of knowledge:
  • Hizkuntza-arloa:
    • Linguistics
  • Author of the introduction:
    • Villoslada Fernández, Iñaki
  • Visits: 927
  • Comments: 4
  • Favorites: 1

1. Ahoskeraren ikuspegi komunikatiboa

Gaurko gaiaren fokua hotsen artikulazioan dago, eta, bereziki, maileguzko hitzen ahoskera zainduan. Helburua da hiztunei hizkuntzaren soinuak kontzienteki hauteman eta ekoizteko baliabideak ematea, ahozkotasun eraginkorra eta jariotasun naturala sustatuz — ikuspegi komunikatibotik, ez zuzentasun hutsetik —.

2. Ahoskera zaindua: zertarako eta noiz

Euskaltzaindiak berak dio ahoskera zaindurako arauan (1998):  “Ahoskeraren arauek hizkera formala zaintzeko balio dute, ez hizkera-motak ordezkatzeko". 

Helburua, beraz, ez da euskara batuaren ahoskera bakarra ezartzea, baizik eta komunikazio formaletan baliagarria den irizpidea eskaintzea: irrati eta telebistako berriak, jendaurreko hitzaldiak edo eskolako azalpenak, besteak beste.

3. Maileguetan X-ren idazkera: [ks] ahoskera zainduan

Euskaltzaindiaren 87. arauaren arabera, maileguetan x-a bokal artean dagoenean, [ks] ahoskera dago hobetsita euskara batuaren ahoskera zaindurako (EBAZ).

Adibideak:

  • sexua → seksua
  • taxian → taksian

Beste mailegu asko ere [ks] ahoskatu behar dira hizkera zainduan, betiere: apoplexia, tetraplexiko, axial, exekuzio, heterodoxo, flexio, amoxizilina, anexio...

Izen berezietan ere irizpide bera aplikatzen da: Saxonia [saksonia], Alexandro [aleksandro], Mexiko [meksiko], Halifax [halifaks].

Kontsonante + x bilkuradunetan sabaiaurrekoa lehenesten da: Xerxes [ʃerʃes].

Hitz-amaieran ere [ks] ahoskera zaindua proposatzen da maileguetarako: klimax, fax, duplex, botox; baita izen berezietan ere: Phoenix, Ajax

Hala ere, kasu batzuetan, ezin da zorrotz jokatu, eta sabaiaurreko ahoskera ere onargarria da, ahoskera hori ez-zaindutzat jo gabe ere: [saxonia], [mexiko].

Grekotiko jatorriko hitzetan, hitz-hasieran [s] ahoskera da ohikoena: xenofobia → senofobia, xilofono → silofono. Hala ere, euskal x-arekin ahoskatzea ere guztiz onargarria da.

4. Mailegu zaharrak eta erabat integratuak

Mailegu zaharrek, ordea, bestelako joera dute: axola, kexu, pixa, taxu...

Kasu horietan, sabaiaurreko [ʃ] (euskal x) da ohiko ahoskera, eta ez da beharrezkoa aldatzea.

Bestetik, etsamina eta etsenplu daude jasota Euskaltzaindiaren Hiztegian, ez examina* eta exenplu*.

5. Ez dira guztiak [ks] jatorrikoak

Zenbait maileguk ez dute jatorrian [ks], baizik eta euskal x beraren baliokide bat: klixe, afixa, enbaxadore, baxu, faxista (italiera), axola (gaskoiera?), bexamel (frantsesa)…

6. Ondorioa

Euskaltzaindiaren irizpidea argia da: hizkera zainduan [ks] ahoskera hobesten da bokal artean eta hitz-bukaeran, baina erabilera bizian [ʃ] sabaiaurrekoa guztiz arrunta da hiztunen artean.

Ahoskera-arauek batasuna eta zaintza eskaintzen diote jendaurreko komunikazioari, baina ez dute hizkeren askatasuna eta eboluzio naturala mugatu behar.


Ahoskera arauaren araberako adibideak hizketa zaindurako

Hobespena [ks] 

bokal artean eta bukaeran

Sabaiaurrekoa derrigorrez [ʃ]

taksi, faksez, klimaks, sintaksi, aksioma, heterodokso, antraks, leksiko, piksel, seksu, toksiko, heksagono, eksotiko, praksi, oksigeno, Teksas

klixe, afixa, enbaxadore, axola, pixa, kaxalote

 


Iturriak

Show comments
  • 2019anIñaki Murua - Wed, 19 Nov 2025, 2:46 PM
    Hona hemen testu honi hizkuntza-foroan Ainara Maya Urrozek emandako erantzuna.

    "Eskerrik asko, Iñaki, ahoskerari buruzko azalpen sakon eta argigarriagatik.
    Iragan astean Baionan izan nintzen Euskaltzaindiaren ahoskera batzordeak (Lurdes Oñederra eta Maider Bedaxagar) eskainitako ikastaro batean, eta gure artean (euskara-irakasleok) hainbat proposamen interesgarri atera genituen ahoskera lantzeko:
    - Ozen irakurtzea esaldiak: hizkuntza silabikoa izanik euskara, komenigarriagoa da hitzak solte ahoskatzea baino, esaldiak bata bestearen atzetik irakurtzea, erritmo naturala lantzeko.
    - Poesia eta bertsoak errezitatzea: ahoskera eta intonazioa modu ludikoan lantzeko.
    - Kantatzea eta antzerkia egitea: ahozko jariotasuna eta segurtasuna indartzeko.

    Proposamen hauek oso eraginkorrak iruditu zaizkigu ikasgelan lantzeko, eta gainera, ikasleek motibazio handiagoa erakutsiko lukete.

    Agur t'erdi,
    Ainara
  • 2019anIñaki Murua - Wed, 19 Nov 2025, 2:48 PM
    Hona hemen testu honi hizkuntza-foroan Jon Imanol Iturrioz Aldanondo emandako erantzuna.

    Kaixo:

    Niri zalantza batzuk behintzat sortzen dizkit. Noiz bihurtzen da mailegu bat zahar eta integratu? Noiz bihurtuko dira taksi>taxi, seksu>sexu...? Azken batean, nola jakin hitz bat mailegu zahar den ala ez? Mailegu bat zahar bada, noiztik aurrerakoak dira berri? Eta beti arte izango dira berri?"
  • 2019anIñaki Murua - Wed, 19 Nov 2025, 2:56 PM
    Iñaki Villosladak erantzun dio foroan Jon Imanol Iturriozi.
    Ez da galdera txarra.
    Galdera honi erantzuten saiatuko naiz: “Azken batean, nola jakin hitz bat mailegu zahar den?” .
    Hiztunek mailegu gisa hautemateari uzten dioten unetik aurrera “heldua” litzateke dagoeneko mailegu bat: abendua, domeka, alkate, eliza, joko, zeru, zapata, balio, pilota, zerua.
    Euskal hitzak dira aipaturiko horiek guztiak, haien jatorria alde batera utzita, Euskaltzaindiak (garbizalekeriari muga ezarri nahian?) euskal hitzei buruzko agiria (1950) argitaratu zuenetik gutxienez. Zerua eta eliza, inoiz maileguak izanik ere, euskal hitz zaharrak dira, eta bizitza oparoa dute oraindik ere. Donoki eta txadona euskal hitzak ere izan ziren, eta historia naturala izan zuten: asmatu (sortu), eboluzionatu (heldu) eta desagertu ziren (hil), zahartu gabe biak ala biak; bizitza laburra izan zuten, baina erabili erabili egin ziren, baita bertsotan ere. Hori dela eta, Euskaltzaindiaren Hiztegian ez dira azaltzen, baina, bai Elhuyarrekoan edo Orotarikoan, noski.
    1902ko bertso bat hauxe da:
    Asi ziren mezatan
    betiko antzean,
    baña eskapau eutsan
    erdiz-erdizean;
    Pelotaka ebillen
    bere eleizpean,
    abadeari gogait-
    eragin artean. (

    Jatorrizko hitzek, maileguek ere, zuhaitzek bezala, bizi-ziklo bat dute, beraz, jaio, heldu, zahartu eta hil egiten dira. Noiz dira zaharrak arbolak? Espeziaren arabera, 300 urteko hagin, sekuoia edo olibondo bat ez da zaharra, baina 200 urteko astigar bat zaharra da… Noiz da mailegu bat zaharra? Haren historiari eta bizitasunari begiratu behar zaio.

    Taxi euskaraz, nire iritziz, heldua da, eta zahartzen hasita dago euskaraz, baina hiltzeko asko falta zaio; izan ere, Uber-i muga argiak jarri baitzaizkio gurean…

    Taxi, euskaraz, 1963an J.B Etcheparek erabili zuen idatziz, lehenago Altubek 1957an Taxis forman. Hitzaren lehenengo erabilera 1907an jasota dago, Londresen, eta Taximeter cab laburtua da, autobusautomobile omnibus-en laburdura den gisa (bus are laburtuago…).
  • Ainara Maya UrrozAinara Maya Urroz - Thu, 20 Nov 2025, 11:00 AM
    EBAZen 87.araua 1998an egin zutena da finean, eta osatu eta "arautu" nahian dabiltza orain Euskaltzaindiaren Ahoskera Batzordean. Idatzi bezala ahoskatzea da araua, eta arau honek bi motako arauak ditu, aukera bakarrekoak (ez zait > etzait ahoskatu) eta aukera bat baino gehiagokoa (sexua, saxofonista, taxia...)... Ipar/ Hego desberdintasunagatik ahoskeran, batez ere. Garai batean ortografia arautzen ari zirela egon zen korronte bat proposatzen zutela idatzian ere -ks- eman behar zela mailegu horietan -x- ordez desberdintasun horren arazoa saihesteko, baina -x- idaztea erabaki zen (taksia ala taxia). Bestela, erabaki bazen, beharbada, ez zen Ipar/ Hego zatiketa honek dakarren zalantza sortuko.
    Badira kasu eztabaidagarriak zenbait hitzekin, hala nola 'genoma', 'genozidioa' hitzekin ez dago zatiketa edo zalantzarik, baina gero 'gel' hidroalkoholikoa desberdin ahoskatzen hasi ziren Iparraldean eta Hegoaldean pandemia-garaian, eta hor dago koxka! Horrelakoetan bi aukerak utzi?