Testu-motak

Argitaratua: larunbata, 1996(e)ko abuztuaren 17(e)an, 13:00(e)tan
Beste iturrietatik

Gure oraingo lan honek ez dio testuen "gramatikari" heltzen (hitz honen esanahi hertsian); aitzitik, subjektuaren gaitasun testualaren planteamendu bat izan nahi du (1). Gogoeta hau, berez, ikerketa linguistiko, pragmatiko, semiotiko, soziolinguistiko eta batez ere psiko-kognitiboen bidegurutzean daga kokatua. Gaur egun ulerkuntzari eta gauzak gogoan hartzeari egiten ari zaizkien ikerketen argitan esan dezakegu subjektuaren gaitasun diskurtsiboa osatzen dutela: komunikamenak eta gaitasun testualak. Gaitasun testual zabal honen (egoera pragmatiko bakoitzari sintaktikoki perpausak eta semantikoki proposizioak lotzeko bidea ematen baitu) atal bat aukeratu dut aztertzeko: subjektuak berez atzematen duela testu bat "narrazioa" dela, beste bat "argudiozkoa" edo beste hura "deskribatzekoa". Eleberri batean, edozein irakurlek aurkituko ditu bere kasa deskribapenak (askotan gain-gainetik bakarrik irakurriko edota saihestuko dituenak), elkarrizketak edo narrazioak. Era horretan, testua hautazkoa da eta kontaketa bat "erakargarritzat" edo "motel eta aspergarritzat" hartua izango da segun eta nagusiki narraziozkoa den edo deskribapenezkoa; horrek ezinbestean eraman behar gaitu testuen tipologietan pentsatzera. Begien bistakoa da ez direla era berean irakurtzen deskribapen bat edo poema bat edo elkarrizketa bat. Testu-mota edo hurrenkera testual bakoitzak estrategia eta gaitasun desberdinak eskatzen ditu.