Irakasbil
Didakteka
Testu-ereduak C2 Mintzamena: Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian
- Atala:
- Jakintza-arloa:
- Trebetasunak:
- Maila:
- Curriculum-arloak:
- Langaiak: Testu-ereduak

- Atala:
- Jakintza-arloa:
- Trebetasunak:
- Maila:
- Curriculum-arloak:
- Langaiak: Testu-ereduak
- Bisitak: 1377
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
|
Ekintza komunikatiboa: Bere arloko gaian aditua den aldetik, mahai-inguru batean parte hartzeko, azalpenak zehatz emanez eta iritziak ongi defendatuz. |
Moderatzailea: Beno, Odriozola, esan dut paradigma-aldaketa bat dagoela. Nik uste hori hiztegi eta gramatiken erabileran antzematen dela. Zu irakurtzen zaituenak irakurtzen ditu nazio linguistikoa, nazio kulturala, euskaldun izatea… Eta, orain, gehiago irakurtzen dugu estatugintza… Beno, zein gogoeta merezi dizu horrek; eta, betiere, jardunaldien galdera erdigunean jarrita: euskararekin zer gaiaren bueltan.
Joxe Manuel Odriozola: Ni euskalduntasun politikoaren aldekoa naiz, eta arrazoia sinplea da: naziorik gabeko hizkuntza gehienak, munduan, heriotzara bidean doaz. Eta esplikazioa hori da, hain zuzen ere, komunitate etniko edo nazional horiek ez daukatela beren burua, beren komunitate linguistikoa eta kulturala, autokontrolatzeko eta gobernatzeko gaitasunik. Beraz, estatua, alderdi horretatik, ezinbestekoa da. Beraz, nazio linguistikoak nazio politikoa behar du, eta nazio politikoak estatua behar du.
Gertatzen da, ordea, dialektika horretan, estatuaren eta nazioaren arteko dialektika horretan, zer lehenesten dugun. Batzuek estatua lehenesten dute, eta euskaltzaleok, euskaraz bizi nahi dugunok, nazioa lehenesten dugu. Hain zuzen ere, uste dugulako euskalduntasunaren balioa dela baliorik handiena Euskal Herriari dagokionez. Esan nahi dut milaka urtetan iraun duen herri bat, hizkuntza baten arabera, historia baten arabera; beraz, euskalduntasuna sortu duen eta birsortu duen herri bat gara, eta horri jarraipena ematea izango litzateke, nik uste dut, gure herriak gizateriari egin diezaiokeen ekarpenik handiena. Ez dut uste autobusak eta trenak ekoiztea denik herri honen eginkizun behinena, baizik eta uste dut euskalduntasunari eustea edo euskalduntasun hori berreskuratzea; zeren euskalduntasun hori galdua daukagu, hondakinetan bizi gara; UEMAko herrietan bizi gara. Euskalduntasuna, bestela, non dago? Bai, badago, gero, euskal inteligentzia bat. Euskal inteligentzia ez da euskal intelektualen multzo bat; euskal inteligentzia da, aldez edo moldez, euskaratik, edo, euskararen inguruan bizi den jende hori guztia: irakasleak, irakaskuntza, hedabideak eta gainerako guztiak, eta, beraz, bagara milaka batzuk.
Baina kontua da, hain zuzen ere, badagoela, beraz, euskal inteligentzia bat, euskara naziotzat hartzen duena; eta, gero, badago Euskal Herria historikoaren hondakinak: UEMAko herriak; beraz, oraindik ere, euskararen dentsitatea handia duten herriak. Baina, hor, esan dudan bezala, orain dela gutxi egindako azterketa batean (Tolosaldeko herrietan egin da azterketa), periodikorik irakurriena Diario Vasco da, %70 irakurtzen da; Berria %eko 6/7 eta Gara %eko 9, uste dut. Orduan, gertatzen da Euskal Herri historikotik geratu zaizkigun euskal hondakin edo subjektu horiek ere (eta nik etxean dauzkat subjektu horiek) ez dutela bizi, hain zuzen ere, zentzu politikoan euren euskalduntasuna; zentzu etnokulturalean bizi dute; oraindik ere, esan dezakegu, prenazionalean. Nahiz eta gero botoa abertzalea eman, subjektu horiek, hain zuzen ere, beharrezkoa dute Diario Vasco. Esan nahi dut: Diario Vasco-k informatzen ditu; gero Hitza irakurriko dute, Tolosaldeko Hitza edo dena delako Hitza, baina informazio inportantea Diario Vasco-tik datorkie. Hori ezinbestekoa dute. Beraz, nazio baten funtzio… Txepetxek esaten duenez, nazio baten funtzioak betetzen ez dituen (berak seigarren mailan kokatzen du funtzio hori) … esaten du, horretara iristen ez bada hizkuntza bat, gainerako funtzioak (lokalak, eta abar) zerak dira: berak ez du termino hori erabiltzen, baina nik etnokulturalak deituko nieke, edo diglosikoak nahi baduzue. Beraz, kontua da euskalduntasun hori ere etnikoa dela; beraz, euskaldun-euskaldunak, edo, oraindik ere, erdaraz gaizki hitz egiten duten horiek ere… horien kontzientzia nazionala ere ez dela oso garbia. Euskaraz bizi dira, hain zuzen ere, euskarara jaio direlako, Amezketan edo Lizartzan; ez denak, baina asko eta asko, bai.
Beraz, orduan, alderdi horretatik kontua da: egoera minorizatu batean dagoen hizkuntza ikas al daiteke? Esan nahi dut: hizkuntza hegemonikoaren mailan ikas al daiteke? Alegia, lortu al daiteke gaitasun komunikatiborik? Nik uste dut hortik hasi beharko genukeela. Txepetxek esaten zuen: euskara normalizatzen hasiko da, baldin eta eskolatik jasotzen duten transmisio kulturalari, gero, komunitate euskaldun batean sozializatzeko aukera ematen bazaie ume horiei. Alegia, bi transmisio; alegia, kulturala eta naturala. Eta betetzen al da bigarren baldintza? Ez da betetzen. Horrek zer esan nahi du? UEMAko herrietan izan ezik, euskaldunik ezin duela sortu eskolak, eta, oraindik ere, normalizazioaren lehen urratsik ez dugula eman. Bai, gero, badago, noski, esan bezala, euskal inteligentzia osatzen duen zera hori: gurasoak Donostian edo Irunen edo Beasainen edo, ez dakit, gune erdaldunetan bizi dira, baina oso euskaltzaleak dira. Horrelakoak ere badaude, baina horiek ale batzuk dira.
Beraz, hizkuntza minorizatu baten gaitasun linguistiko-akademiko bat lortzen dute, baina gaitasun linguistiko-akademiko batekin ez zoaz inora. Eta ez zoaz inora, baldin alboan daukazun hizkuntza hegemonikoa bada eta hori sartzen baldin bazaizu erregistro guztietan; eta, hain zuzen ere, hizkuntza hori baldin bada, azkenean, zure pentsamendu-hizkuntza. Eta, hain zuzen ere, hizkuntza horren presioagatik, bada, euskaraz ikasten dutenek ere, azkenerako, erregistro guztiak menperatzen dituzte. Baina euskaraz erregistro formal batzuk ikasten dituzte, baina, gero, euskarak ez die balio. Eta, hain zuzen ere, minorizazioak hori dakar: ez diela behar hainbateko sozializaziorik eskaintzen lortu behar duten gaitasuna lortzeko, gaitasun komunikatiboa lortzeko; alegia, errepertorio linguistiko guztia osatzeko. Eta, azken batean, horregatik esaten dut: hizkuntza minorizatu bat normalizatu daiteke, baldin eta sortzen dituen hiztunak ez baldin badira normalak?
“Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian” jardunaldiak (V)
Berria telebista