Testu-ereduak C1 Irakurmena : Zuberoa

Argitaratua: Monday, 16 May 2016, 12:03 PM
irakurmena c1
Ekintza komunikatiboa: Entziklopedia batean, kultura orokorrekoa den termino bat ongi ulertzea.

Zuberoa


Euskal Herriko Ipar Ekialdeko probintzia eta lurralde historikoa, Pirinio Atlantikoak departamentuaren barnean; 765 km2 eta 15.535 biztanle (zuberotarrak). 42 udalerri ditu. Hiriburua: Maule-Lextarre. Mugak: Iparraldean eta Ekialdean, Biarno; Hegoaldean, Nafarroa; eta, Mendebaldean, Nafarroa Beherea. Bi kantonamendutan banatuta dago: Maule-Lextarrekoa eta Atharratze-Sorholüzekoa; Nafarroa Behereko Donapaleuko kantonamenduko sei udalerri Zuberoakoak dira.

Geografia: Lurralde aski menditsua da; batik bat, Hegoaldean, Nafarroako mugan, Pirinioak baitaude bertan: Ekialdetik Mendebaldera, Bizkarze (1.656 m), Escalier (1.472 m), Ori (2.021 m), Otsogorritxipia (1.794 m), Otsogorriga-a (1.922 m), Xardekaga-a (1.893 m), Binbaleta (1.758 m), Lakora (1.877 m) eta Izarbe (1.559 m). Iparralderantz egin ahala, mendiak txikiagoak dira eta lauagoa lurraldea. Pirinioetan sortzen diren Larra-e eta Santa-Grazi ibaien bategitetik sortzen den Uhaitzandi da Zuberoako ibai nagusia; gainerako ibai nagusiak, zuzenean edo zeharka, Uhaitzandira isurtzen dira. Mendialdean, ibaiek landutako arroilak dira aipagarri: Ehüjarre, Kakueta, Olhadubi eta Holtzartekoak. Klima, nagusiki, atlantikoa da, Pirinioetako mendialdeko klima subalpetarra izan ezik. Oro har, epela da udan eta hotza neguan; euria egiten du urte osoan, eta neguan elurra. Mendialdea oihantsua da: Arbailletako edo Itheko oihanaren eta Iratiko basoaren zati bana Zuberoan daude. Populazioak behera egin du oro har, eta galera are handiagoa izan da mendialdean, Basabürüan. Laborari-familietako gazte-jendeak Lapurdiko industriguneetara, Parisera, Biarnora edo Frantziako beste hiri handietara jo du. Bertan gelditutako askok, berriz, Maulera jo dute. Horren ondorioz, herriak hustu egin dira eta elkartu egin behar izan dute udalerriak osatzeko (1970-80).

Ekonomia: Jarduera nagusia lehen sektorea eta honi loturikoa da; batik bat, abeltzaintza (artzaintza nagusiki, baina baita behiak eta behorrak ere) eta basogintza. Gaztagintza oso garrantzitsua da: industriala zein "artzain-gazta" tradizionala. Labore-lur nagusiak (artoa) Mauletik Iparraldera daude, eta industria eta zerbitzuak Maule-Lextarren eta inguruetan (Ligi-Atherei): industria txikia (elikagaiak, zurgintza), industria tradizionala (oinetakogintza, ehungintza), administrazioa eta merkataritza. Turismoak gero eta garrantzi handiagoa du: ostalaritza eta bigarren etxebizitza ugari.

Historia: Erdi-Paleolitorako, populatuta zegoen. Neanderthal gizaki-motaren aztarnak aurkitu dira Xaxixiloaga eta Etxeberriko haitzuloetan. Neolitoaren bukaeran populazioa hedatu egin zen, eta beste herrietako teknika eta jakintzak bereganatu zituen. Erromatarrek Nafarroa Beherean baino eragin handiagoa izan zuten Zuberoan. Ondoren, barbaroen inbasioak izan ziren: frankoak sartu ziren V. mendean eta gogor borrokatu ziren euskaldunen aurka. 602an, euskal lurraldeak bilduko zituen Baskoniako dukerria sortu zen. Dagoberto errege frankoaren armada Zuberoako lurretan garaitu egin zuten (635), nola hala independentziari eutsi nahian. Frankoen esku zegoen Tolosako erresuma desagertu zenean, Baskoniako dukerriari zegozkion lurrak Akitaniako dukerriak bereganatu zituen (660). Akitaniako dukerria independente izan zen karolinjioek bereganatu arte (768). Baskoniako dukerriak ere independentziaren aldeko borrokak izan zituen arren, Akitaniakoari lotuta egon zen (VII-IX).

IX. mendean, Zuberoako bizkonderria sortu zen eta Aznar izan zen lehenengo bizkondea; beronen dinastiak XIII. mendera arte iraun zuen. XI. mendean, Gaskoniako dukeak Biarnoko bizkondeari eman zizkion Zuberoarekiko eskubideak; Nafarroako erregea Lextarreko gazteluaren jabe zen. Akitaniako dukerriak euskal lurraldeak bereganatu zituen, baina gobernu berezia eta autonomia gordez (XI). Leonor Akitaniakoa Enrike II.a Plantagenet-ekin ezkondu ondoren, Zuberoa eta Lapurdi ingelesen menpe geratu ziren (1152). Ingelesen menpe zegoela, Zuberoak nahikoa askatasun izan zuen bere ohiturei eutsi eta ekonomia garatu ahal izateko. Ingelesen menpe egon ondoren, Biarnoko bizkonde Gaston XI.a Foixkoaren esku geratu zen (1449).

Luis XI.ak bereganatu egin zuen, eta, bertako foruei zin egin bazien ere, Frantziaren esku utzi zuen (1449). Espainia eta Frantziaren arteko gerren ondoren, Joana Albretekoak eragindako erlijio-gerrak jasan behar izan zituen Zuberoak (XVI.). Zuberotarrak, Joana Albretekoak ezarri nahi zuen protestantismoaren aurka borrokatu ziren. Arrazoi politiko eta erlijiosoak zeuden tartean: alde batetik, gehiengoa katolizismoaren alde zegoen; bestetik, Joana Albretekoa, Nafarroako erregina izateaz aparte, Biarnoko bizkondesa ere bazen, eta Biarno eta Zuberoa etsai amorratuak ziren. Frantziako erregeak Zuberoa Nafarroa Behereko parlamentuari erantsi zion (1620), eta urte batzuk geroago Bordelekoari (1626). Monarkiak ezarritako zergak eta nekazariek ustiatzen zituzten erregearen lurrak saltzeak benetako gerra zibila eragin zuen; zuberotarrek Matalas hartu zuten buruzagi (1661). Honek politika moderatua egin zuen arren, Bordeleko parlamentuak areagotu egin zuen zapalkuntza, Matalasen armada garaituz. Preso hartu eta lepoa moztu zioten Matalasi; geroztik, nobleek eta handikiek ahuldu eta indargabetu egin zituzten Zuberoako instituzioak.

Iraultza Frantsesaren ondoko Asanblada Nazionalak, lurraldeetako pribilegio eta erregimen bereziak abolitu ondoren, Pirinio Behereko departamenduan sartu zuen Zuberoa (1790), Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Biarnorekin batera. Iraultzaren garaia oso kaltegarria izan zen Zuberoarentzat; izan ere, lege zaharrak, foruak, mezutegiak (Arbaillak, Pettar eta Basabürüa) eta Montori, Hauze, Barkoxe, Larra-e, Atharratze, Santa-Grazi eta Maulek zuten izaera juridiko berezia galtzeaz gain, euskarak eraso latzak nozitu zituen. Bestalde, Iraultza Frantsesaren ondoren gertatutako Frantzia eta Espainiaren arteko gerrek eta Napoleonen garaiko gorabeherek hondamen eta txikizio ugari eragin zuten. Harrezkero, Zuberoako historia nagusia Frantziako historiari lotuta joan da.

Iraultza Frantsesaz geroztik, eskuineko alderdietara joan izan dira Zuberoako botoak. Hala ere, beharbada industriak garrantzi handia izan duelako (espartingintza), Ipar Euskal Herriko beste bi herrialdeetan baino indar handiagoa dute ezkerreko alderdiek. Zenbait funtzio administratibotarako Biarnori lotuta egon da Zuberoa, baina zuberotarrek maiz galdatu dute beste euskal lurraldeekiko harremanen estutzea. 1994an sorturiko Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluan beste bi euskal lurraldeekin batera sartu zen Zuberoa; modu horretan, euskal lurraldeek, lehen aldiz, batera eta bakarrik osatutako egitura bat eratu zuten Pirinio Atlantikoen departamenduaren barnean.

 

Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa

Zuberoa sarrera

(Moldatua)