Didakteka
Testu-ereduak C1 Irakurmena: Mamua
- Atala:
- Area of knowledge:
- Trebetasunak:
- Level:
- Curriculum-arloak:
- Langaiak: Testu-ereduak
- Atala:
- Area of knowledge:
- Trebetasunak:
- Level:
- Curriculum-arloak:
- Langaiak: Testu-ereduak
- Bisitak: 1142
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Ekintza komunikatiboa: Gozarazteko eta pentsarazteko idatzitako helduentzako ipuin labur bat ulertzea. |
Mamua
Izerdi patsetan esnatu naiz. Atzo, herenegun eta azken asteotako goizalde guztietan bezala.
—Beldurra didazu! —esanez desafiatu nau mamuak gaurkoan. —Ez dakit nor zaren eta! —erantzun diot neure burua babestu nahian. —Gezurra galanta! —jarraitu du mamuak, niregana hurbildu eta inoiz baino dimentsio handiagoa hartuz—. Ondotxo dakizu zuk ni nor naizen, baina nahiago duzu zeure burua engainatu. Gezurra sinesteak salbatuko zaituelakoan…
Aurrerago eta harroago jartzen ari zaidala iruditu zait mamua. Sorbaldetara jalgitzen, orain arte ukitu gabeko mugak gainditzen. Hori dela eta, nik ere neure defentsa prestatzea erabaki dut. Arrazoiarekin gailentzeko garaia iritzi diot momentuari.
—Fikzioa zara —bota diot, niregan ohikoa ez den ziurtasunez—. Ez zara existitzen. —Eta norekin ari zara, ba, hizketan?—galdetu dit ezpain artean irribarre burlatia marraztuz. —Neure buruarekin—erantzun diot, sinpleki. —Ez duzu esan nahiko bi buru dituzunik, ezta? —Ez. Diodana da nire beste nia bazina bezala dela. —Orain ulertzen dut: zure ni gaiztoa, zure ni beldurtia, zure ni arrotza… hala da?
Ez diot erantzun. Eta ez da izan erantzun faltagatik. Nekeagatik baizik. Itzalak eragindako akiduragatik. —Zu bezain benetakoa naiz—egin dit eraso berak berriro. —Nire irudimenak sortu zaitu—erantzun diot, arrazoiak laguntzen didanean eraiki ohi dudan argudioa erabiliz. —Hori horrela bada, hil nazazu oraintxe bertan eta libra zaitez nitaz —bota dit, zer esaten duen ondotxo dakienaren lotsagabeziaz jantzita.
Gau-mahaiko argia piztu eta logelan bakarrik nagoela egiaztatu dut. Beti bezala. “Amesgaiztoa izango zen” pentsatu dut, enegarrenez. Komunean, alabaina, paparra bustitzera joan naizenean, mamua ikusi duenaren izua ezagutu diot ispiluari.
Urkiza, Ana mamuak (2014 Elkar) mamua (9-10)
|