Irakasbil
Didakteka
Testu-eredua C1 Mintzamena: Hiriburuetako alkateak, euskaldunak
- Atala:
- Jakintza-arloa:
- Trebetasunak:
- Maila:
- Curriculum-arloak:
- Langaiak: Testu-ereduak

- Atala:
- Jakintza-arloa:
- Trebetasunak:
- Maila:
- Curriculum-arloak:
- Langaiak: Testu-ereduak
- Bisitak: 840
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
|
Ekintza komunikatiboa: Gaurkotasuna duten gaien inguruan eztabaidatzea, iritziak arrazoituz eta defendatuz. |
Hiriburuetako alkateak, euskaldunak
Hiriburuetako alkateak, euskaldunak
Manu Etxezortu: Gaurko saiorako abiapuntua hauxe da: lehen aldiz, historian, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako alkateak euskal hiztunak izango dira. Ez zen sekula horrelakorik gertatu. Beno, entzun duzue: Donostiako , Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko alkateak, denak, euskaraz hitz egiteko gauza direnak. Xabier Amuriza, zer pentsatu duzu hau jakindakoan?
Xabier Amuriza: Beno, gauza bat pozgarria, behintzat. Batez ere, Nafarroakoa, ezta? Bada, beste hiru probintzietakoa, erdalduna izan edo euskalduna izan, beharbada, alkatearen gorabeheran egon daiteke , baina, batez ere, politika administratibo horietan, Nafarroan behintzat, lehengo zailtasunak ez dira hainbeste izango. Beharbada, dirurik eta laguntzarik ez da izango, baina ez da gutxi euskaraz eta euskararen munduan mugitzen direnek zailtasunik ez aurkitzea; bai tokietan teman ibili beharra euren eskubideak aurrera ateratzeko; instituzioekin teman, borrokan, zailtasunak handiak… EITB berak ere, Nafarroan izango ahal du!... Nik uste orain irekiko zaizkiola bide batzuk. Eta, orduan, bada, Nafarroako euskaldunak beti teman ibili izan dira, bada, beste hiru probintzietan ez dauzkaten zailtasunen kontra. Hori, gutxienez, ez da izango orain, suposatzen da, eta hori ez da gutxi. Zenbat laguntza ekonomiko gehiago hartu ahal izango duten… bada, zerbait gehiago, lehen baino, zaila ez da izango. Baina nik, batez ere, giro baikor edo konfiantzazko hori dela uste dut, eta gero, azkenean, sakonean, norbanakoen kontua da: nahi duenak ikasteko-eta erabili, eta abar. Baina Nafarroan zailtasun ikaragarriak izan dira. Orduan, euskalduna izatea baino gehiago, zailtasun horiek ez jartzea alkatearen aldetik eta diputazioaren aldetik, hori da nik ikusten dudan garrantzitsuena.
Manu Etxezortu: Beraz, pozgarria orokorrean, Xabierren ustez, lau alkateak euskaldunak izatea. Baina, bereziki, Nafarroakoa, Nafarroan eta Iruñean euskarak izan dituen zailtasunengatik. Karlos, zer esango zenuke?
Karlos Cid: Aldenduko naizela pixka bat, aspaldiko partez, Xabierren ikuspuntutik eta iritzitik. Nire poza partekatzen dut, nolabait, lau hiriburuen artean. Batez ere, aurrekariengatik. Bilbon izan balituzte aurretik alkate euskaldunak. Edo, Donostian ere bai, adibidez (Donostian Elortza eduki zuten hainbat urtetan, eta erdalduna). Eta, Gasteizi buruz, zer esanik ez, ezta? Alde horretatik, alkatearen hizkuntza-profilari dagokionez, ia-ia bertsoa izan da lau hiriburuetan, eta pozgarria da horri buelta eman eta, azkenik, egotea lau alkate euskaldun. Batez ere, euskaldun hitzak gaur egun daukan inplikazioarekin. Ematen du euskalduna dela euskaraz besterik ez dakiena, baina, gaur egun, denok dakigun bezalaxe, euskalduna izateak esan nahi du elebiduna izatea. Eta nik uste dut hori alkatearen zereginen artean edo ezaugarrien artean sartzen dela, ezinbesteko baldintza izan beharko lukeela alderdi guztientzat; baina praktikan ez da horrela izaten.
Manu Etxezortu: Beno, hemen utzi behar dugu. Datorren astean ohiko ordutegira itzuliko gara, Xabier; 11:30ean hasiko gara.
Xabier Amuriza: Bai, oso ondo, ederki.
Manu Etxezortu. Beno, aste ona pasa, Xabier.
Xabier Amuriza: Berdin, zuek ere.
Manu Etxezortu. Aste ona pasa, Karlos.
Karlos Cid: Berdin. Ni banoa azterketa jartzera.
Manu Etxezortu: Beno, animo eh, zure ikasleei! Aio bikote, eskerrik asko.
Xabier Amuriza eta Karlos Cid solasean
Euskadi Irratia: Faktoria irratsaioa (2016-06-16)