Testu-eredua C1 Idazmena: Gehiegi

Argitaratua: Wednesday, 13 January 2016, 3:50 PM
idazmena c1
  • Atala:
  • Area of knowledge:
  • Trebetasunak:
  • Level:
  • Curriculum-arloak:
    • Langaiak: Testu-ereduak
  • Bisitak: 616
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

Ekintza komunikatiboa: Egunkari edo aldizkari batean gai ezagun bati buruzko iritzi-artikulua idaztea, pentsarazi eta eragiteko asmoz.

Gehiegi


“Begira zein guapa dagoen zure iloba”, esan diote amonari. Eta bisita egitera etorri zaion hamasei urteko ilobari kezka-aurpegiz begiratu ondoren, amonak erantzun du: “Bai, gehiegi”.

Iloba gehiegi nabarmentzearen beldur da amona. Lasaiago egongo litzateke neska arruntagoa balitz, ez balitz hain deigarria. Ondo iruditzen zaio ederra izatea, baina ez hainbeste, ez hain erakargarria. Hori arazo izan daiteke. Amonak badaki zertaz ari den, asko ikusi du. Txikitatik sentitu dugu gehiegi hitzaren pisua, gehiegi hitzak suposatzen duen muga. Askotan entzun dugu ondo dagoela azkarra izatea, baina ez gehiegi nabarmentzea, ikaskideek estralurtar bati bezala begiratzea nahi ez bagenuen; esan digute ondo pasatzeko, gozatzeko, baina gehiegi ere ez, ez dezaten pentsa parrandazale amorratuak garela edo biziotsu hutsak; ondo dagoela arrakasta izatea, baina gehiegi ere ez, kritika guztien jomuga izan nahi ez badugu. Izan zaitez nahi duzuna, baina ez gehiegi. Hori da, gutxi gorabehera, jaso dugun mezua.

Eta gehiegikerien arriskuez ohartaraztea ondo dago kasu batzuetan: kontuz alkohol gehiegi edatearekin, kontuz gehiegi jatearekin, kontuz azeleragailua gehiegi zapaltzearekin… Baina hori gure anbizioak mugatzeko erabiltzen denean dator arazoa: gauzak ahalik eta ondoen egiteko nahia edo bizitzaz gozatzeko dugun nahia mugatzeko, adibidez. Edo eskubideak mugatzeko erabiltzen denean: ondo dago zure herriaren eskubideak aldarrikatzea, baina ez ezazu gehiegi eskatu; ondo dago berdintasunean bizitzeko dugun eskubidea defendatzea, baina ez gehiegi, horrek munduaren ordena hankaz gora jartzea ekarriko bailuke.

Ez legoke gaizki gehiegi hitzari diogun errespetua edo beldurra alde batera uztea kasu askotan, eta ahalik eta lasterren hobe, Marguerite Durasek esan zuen bezala, bizitzan oso goiz baita beranduegi. Eta, ia konturatu barik, iloba amona bihurtzen delako.

Jaio, Karmele

Noticias de Guipuzcoa (2014-11-21)