Nortasunaren eragina H2ren irakaskuntzan

Argitaratua: Sunday, 18 May 2003, 3:20 PM
hizpide 53

Hizkuntz irakasle moduan esaten badut “ikasleari tenperatura afektibo eta emozionala hartu behar zaiola eskolako hiru alditan: hasieran, indarrak neurtzeko. Eskolan zehar, planteatutako jardueraren egokitasuna ikusteko. Eta bukaeran, haren asebetetze-maila neurtzeko”, baten batek pentsatuko du gaia ez dela hizkuntz irakaskuntza, medikuntza baizik. Bakarren batek, ordea, berehala igarriko dio artikuluaren mamiari: nortasunaren eragina hizkuntz irakaskuntza-ikaskuntzan. Eta, agian, askok eta askok pentsatuko dute: “horra hor non datorren beste asmazio berri bat irakasleon lana katramilatzera”. Nortasunaren ezaugarriak batzuentzat pisuzko aldagai psikosozialak dira. Beste batzuentzat, berriz, eremu lausoa baizik ez dira, eta, ikerketa frankoren premian daude oraindik ere aintzat hartzeko.