Irakasbil
Didakteka
Zergatik esaten dugu "bi ordu iraun du"? Komunztadura eta estatibotasuna
Badira aditz batzuk, isilean-isilean, komunztaduraren inertzia arruntari uko egiten diotenak. Iraun horietako bat da. Zenbatzaileak agertu arren, aditzak singularrean jarraitzen du, eta ez da kapritxo hutsa: hizkuntzaren barne-logikak hala eskatzen du. Ikus dezagun:
- Bi ordu iraun du saioak.
- Bi egun iraun du jardunaldiak.
- Kargu horretan iraun zuen zenbait urtean
- Zortzi urtez iraun zion oinazeak.
- Ia zortziehun urte iraun zuten etengabeko harremanek
- Bi egun iraun du jardunaldiak.
- Kargu horretan iraun zuen zenbait urtean.
- Zortzi urtez iraun zion oinazeak.
- Ia zortziehun urte iraun zuten etengabeko harremanek (Mitxelena).
Euskaltzaindiaren Euskararen Gramatikak argitzen duenez (597. or.), "gaurko literaturan tradizioan baino ugariagoak dira pluraleko komunztadura erakusten duten egiturak (nahiz gehienak, egungo literaturan ere, singularrekoak diren)".
Komunztadura singularrean
Azalean, predikatuak plurala dirudi: bi ordu, bi egun, zenbait urte, zortzi urte, baina aditzak ez du horrekin komunztatzen. Zergatik?
Gramatika aldetik iraun aditzaren osagarriak adberbialak dira, ez objektu zuzenak; horregatik, osagarria plurala denean ere aditza singularrean ematen da.
Iraunek ez du kantitatea kontatzen, denbora-tartea adierazten du, eta hori ez da objektu gramatikala, neurri-osagarria baizik. Adberbioaren balioa du (izen-sintagma soila erabiltzen da osagarri adberbial gisa): —orduak, egunak, urteak— ez dira aditzaren komunztadura gidatzen duten elementua, iraupena zehazten duten markoa baizik, bi ordu iraun du zein bi orduz iraun du esan dezakegu, horrenbestez, esanahia aldatu gabe.
-bete atzizkia
Ordu, aste eta urte izenek -bete atzizkia hartzen dute bat zenbatzailearen lekuan (ordubete, astebete, urtebete); ondorioz, egitura hauek dira zuzenak: astebete iraun zuen ikastaroak; ordubete iraun du film laburrak.
Iraun aditz estatiboa
Iraunek egoera egonkor bat, hau da, garapenik gabea, adierazten du, estatiboa da, eta inoiz progresioa adierazten dugu harekin, eta ez dugu sortzen honelako esaldirik: irauten ari naiz*. Aditzak bere baitarik dakarren aspektu lexikalak perpaus-mailako aspektua mugatzen du, eta konbinazio batzuk ezinezkoak dira: Euskararen gramatikaren arabera (1014. or.), estatibotasuna eta progresibotasuna ezin baitezke konbina (*izaten ari da, *egoten ari da, *irauten ari naiz, *maitatzen ari naiz…).
Laburbilduz, iraun aditzak ez dio kopuruari begiratzen, baizik eta denbora-tartearen hasierari, bitarteari eta bukaerari. Horregatik, singularrean, patxadaz, iraun egiten du, per saecula saeculorum.
Eman aditzak, antzeko esanahia duenean, joera bera izaten du, komunztadura pluralaren adibideak usuagoak diren arren:
- Komunztadura singularra:
- Bidean eman zuten hamar egun Beirouth-etik eta Kanbora (Etchebarne).
- Komunztadura plurala:
- Eman izan zituzten zazpi urthe tenplu haren egiten (Lg);
- Hiru egun eman zituen Bordelera heltzeko.
Gako praktikoak
- Erantsitako fitxategia (adimen artifizialeko Notebook LM erremintaz egina) erabili material gisa, egokituz maila desberdinetara, diapositiba berriak sortuta egokitzat joz gero, daudenak ordeztuta.
- Iraun aditz sintetikoaren plural faltaren (du/ditu, daki/dakizki, dirau/ø) azalpenerako erabil daiteke post hau.
Erreferentziak eta material osagarria
Arejita, A. (2024, irailaren 23a). “Iraun ditu” ala “iraun dau”? Bizkaieraren ataria.
https://www.bizkaiera.eus/iraun-ditu-ala-iraun-dau/
Euskaltzaindia. (1994). Gramatika batzordea. Euskera, 39(3), 931–932. https://www.euskaltzaindia.eus/dok/euskera/49988.pdf
Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordea. (2021). Euskararen Gramatika. I. liburukia. Euskaltzaindia. https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/83272-1.pdf
Ikasbil. (1969, abenduaren 31). Iraun. Hemendik berreskuratua 2026ko otsailaren 9an:
https://www.ikasbil.eus/eu/hizkuntza-arauak-fitxa?articleId=16387374
