Kerman mintzalagun bila sekuentzien gida didaktikoa

Argitaratua: Tuesday, 30 January 2018, 12:07 PM
Kerman mintzalagun bila
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Area of knowledge:
  • Irakasten-arloak:
    • Ikasbil atazak
  • Bisitak: 2199
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

EITB taldeak 2010 2012 urteetan zehar emandako telesaio bat da Kerman mintzalagun bila. Esketx laburrak dira, 5 minutu ingurukoak, 300 atal guztira.

HABEko materialgintza atalak Kerman mintzalagun bila saioetan oinarrituta atal bakoitzeko sekuentzia didaktikoa argitaratu zuen IKASBIL.EUS atarian. Sekuentzia didaktiko hauek bakarka ikasteko eskaini ziren, norberak bere kasa egiteko. Hala ere, euskaltegietan, aurrez aurreko ikasteko ereduan, erabilera zabala dute oraindik orain eta maiz erabiltzen dituzte euskaltegietako irakasleek. Adibidez, 2017. urtean 1500 aldiz bilatu zuten IKASBIL atarian Kerman hitza. Eta 300 jarduerak horiek 1.500.000 inguru aldiz zabaldu zituzten erabiltzaileek sortu zirenez gero.

Bideo pasarte horietan pertsonaia nagusia, Kerman, euskara ikasten ari da eta lagun nahiz herritarrekiko harremanetan euskara erabiltzen du, nahiz eta akatsak egin. Umore klabean garatutako esketxak dira, irribarre baten laguntzaz ikasteko eginak.

Pertsonaien arteko elkarrizketaz gain, iruzkin eta azalpenak ere ematen dira bideoan bertan hizkuntza zuzen eta egoki erabiltzeko aholkuak emanez. Bereziki da azpimarragarria akatsen trataera, izan ere, atal asko akats horien zuzenketan oinarritzen baitira. Jatorrian euskara ikasten hasi berri direnei zuzendua izateko asmoa bazuen ere, pixkanaka goragoko mailetako hartzaileen eremura iritsi zen.

Sekuentzia didaktiko hauek sortzen Belen Benitez irakasleak eta HABEko materialgintzako teknikariek parte hartu zuten. Sekuentzia bakoitza 5 jardueraz dago osatuta; bideoaren ulermenaz gain, hizkuntzaren alderdi funtzional eta morfosintaktikoak ere lantzen dira. Gai aldetik ere oso anitza da, egoera oso desberdinetan aurkitzen da Kerman eta horrela hiztegi zabala ezagutzeko aukera ematen du.

HEOC 2015

HABEk 2015. urtean Helduen Euskalduntzeko Oinarrizko Curriculum berria argitaratu zuen. Bertan euskara ikasi eta irakasteko oinarriak emateaz gain, mailaz maila landu beharreko edukiak zehazten dira, Europako Marko Bateratuaren ildoan.

Esku artean duzun gida hau bien arteko uztarketa da: Kerman mintzalagun bila sekuentzia didaktikoak HEOCaren argitan aztertu dira eta zehaztu da hark agindutako zein eduki lantzeko baliagarri den atal bakoitza.

Hala eta guztiz ere, HEOCaren aurrekoa denez, Kerman mintzalagun bila sekuentzia didaktikoen egokitzapen didaktikoek ez diote bete betean erantzuten HEOCari. Baina, hala ere, erabilgarri gerta litezke, irakasleen gidaritzapean, ikas-irakas jardueraren osagarri gisa.

GIDA DIDAKTIKO honen helburua da, beraz, euskara irakasleek eduki dezaten lanabes bat zeinetan aurkituko duten HEOCan zehaztutako edukiak Kerman mintzalagun bila sekuentzia didaktikoak bildumako zein ataletan lantzen den.

Horretarako HEOCetik abiatuta hiru indize garatu dira:

  1. Gaien indizea

  2. Funtzioen indizea

  3. Adierazpide linguistikoen indizea

Indize horietan HEOCeko eduki zehatz bakoitzari lotuta hura lantzeko erabil daitekeen Kerman mintzalagun bila sekuentzia didaktikoak daude.

Aipatutako hiru indizeez gain, sekuentzia didaktiko guztien xehetasunak biltzen dituen banakako fitxak daude, horietan kontsulta dezake irakasleak atal bakoitzean zer egoera komunikatibo dagoen, funtzioak, gramatika eta lexikoari buruzko xehetasunak.

Erabilgarritasuna indartze aldera, dokumentua barne estekez antolatuta dago:

Indize bateko zerrendako elementu batetik zuzenean jo daiteke sekuentzia zehatz horren fitxara xehetasun gehiago ezagutu ahal izateko eta handik zuzenean IKASBIL.EUS atariko orrialde zehatzera.

Dokumentua hiru formatutan eskaintzen da IRAKASBIL.EUS atarian:

PDF a: inprimatu eta gordetzeko

DOCX eta ODT: editatu ahal izateko moduan, irakasleek neurrira egokitu ahal izateko.