Jariotasuna lantzeko mintzamen-ariketa ereduak

Argitaratua: larunbata, 1986(e)ko abenduaren 6(e)an, 12:35(e)tan
Gai monografikoa

Jakitun batzuk diotenez, hizkuntz ikaste prozesurik garrantzitsuenak hizkuntza era naturalean, hots, egoera komunikatiboetan erabiltzen denean ematen dira. Argi ikusi dugu guk ere azken urteotan euskararen irakaste prozesuan mintzamenari eman behar zaion garrantzia. Orain, euskara-ikastaro gehienetan, lehen ez bezala, ahozko komunikazioari ematen zaio lehentasuna. Bidea ibiliz egiten da eta, oraindik ere asko falta den arren, bide zuzenetik abiatu garela esan liteke inolako zalantzarik gabe.

Trebetasun honen garrantzia kontuan izanik, berau aztertzeko bi artikulu antolatzea pentsatu genuen hasieran: bat mintzamenak bere garapenean dituen zenbait alderdi teoriko jorratzeko eta beste bat, berriz, HABEren Euskalduntzerako Langaietan agertzen diren mintzamen-ariketen sorta sistematizatzeko. Hala ere, monografia izena duen sail honen mugak kontuan harturik eta aipaturiko bi artikuluen luzapena ikusi ondoren, Zutabeko bi aletan argitara emateko erabakia hartu dugu. Izan ere, bata bestearekin lotuta egon arren, bakoitzak bere aldetik bere entitatea baitu.