Inguru / -tik gora

Argitaratua: Wednesday, 13 November 2024, 2:21 PM
Mikel Hoyos Sein

Euskaltzaindiak dioenez, zenbaki batek mugatzen duen izen-sintagma bati dagokiola, kopuru hori gutxi gorabeherakoa dela adierazteko erabiltzen da inguru hitza. Artikulurik gabe erabiltzen da. Hau da egitura: <zenbatzailea + izena + inguru> 

  • Orain (dela) hogeita hamar (bat) urte inguru joan zen hara
  • Ordubete inguru igaro da. 
  • Bi metro inguru baditu bederen. 
  • Bi mila urte inguru pasatu dira ordutik hona.

Izenlagun funtzioa betetzen du -ko atzizkiarekin: 

  • Berrogei urte inguruko gizon gordina. 
  • Bi ordu inguruko hizketaldia.

Pareko jokamoldea dute " inguru(ko)’"eta "X-tik gorako" esamoldeek, eta molde horretan erabiltzen dira gaur egungo testu teknikoetan ere, bai magnitude fisikoekin eta bai bestelakoekin ere: 

  • Zortziehun metrotik gorako luzera. 
  • Sei mila galaxiatik gora.

Hala ere, ‘X inguru(ko)’ eta ‘X-tik gora(ko)’ esamoldeek, oinarrian esapide adberbialak direnez, forma hori besterik ez dute hartu ohi: 

  • *Ehun lagun ingururi gertatu zaio hori. 
  • *Milatik gorak egin du ondo azterketa. 

Halakoetarako beste esapide batzuk erabiltzen dira:

  • Ehun laguni-edo gertatu zaio hori. 
  • Mila lagunek baino gehiagok egin dute ondo azterketa.

Alegia, tradizioan ez da ageri ergatiboan (*inguruk), nominatiboan bakarrik (inguru), eta ezta datiboan ere (*ingururi), nahiz eta azken urte hauetan hasiak garen horrelako kasu batzuk ikusten: 

  • *Bost mila lagun inguruk ikusi dute. 
  • *Tuterako Uvesako 800 lagun ingururi PCR proba egiten hasi dira.

Beraz, nominatiboa ez den gainerako kasuetarako, beste esapide batzuetara jo beharko genuke.

  TRADIZIOARI LOTZEN EZ ZAIZKIONAK 

EGOKIAGO

200 lagun ingururentzako tokia dago. 

200 bat lagunentzako tokia dago.

Gutxi gorabehera, 200 lagunentzako tokia dago.

Alokairuen % 6 ingururi baino ez lioke eragingo.

Alokairuen % 6ri-edo eragingo lioke soilik.

Alokairuen % 6ri eragingo lioke gutxi gorabehera.

150 herri ingurutan zabalduko da Euskaraz barra-barra marka berri bateratua.

150 bat herritan zabalduko da Euskaraz barra-barra marka berri bateratua.

70 arrasatear inguruk amaitu dute Behobia-Donostia maratoi erdia

Gutxi gorabehera 70 arrasatearrek amaitu dute Behobia-Donostia maratoi erdia.

Lasarte-Oriako Udal Euskaltegiak 100 ikasle ingururekin hasi du ikasturtea.

Lasarte-Oriako Udal Euskaltegiak 100 bat ikaslerekin hasi du ikasturtea.

12.000 lagunetik gorak ikusi du ‘Erlauntza’ zinemetan.

12.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute ‘Erlauntza’ zinemetan.




  

Informazio osagarria: