Didakteka
Ikasleen "lagun" sare sozialetan?
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Bisitak: 1485
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Irakasbil webgunean badugu materialik Interneten erabileraz, eta horren artean, sare sozialen (edo sare sozialen zerbitzuen) erabileraz. Adibidez, ez gaitu harrituko WhatsApp-aren erabileraz diharduen artikuluaren izenburuan “lagun taldetik harago” irakurtzeak, ezta? Izan ere, praktika profesionalean horrelako plataformak eta zerbitzuak erabiltzekotan, bertan ikasleen “lagun” izan ala ez?
Kezka ez da gure esparrura mugatzen. Esate baterako, 2020ko apirilean Comunicar aldizkarian argitara eman zuten “Ser o no ser amigos de los profesores en redes sociales: las perspectivas de los estudiantes universitarios” artikulua . Are: testu horretan bigarren hezkuntzan gertatzen denari buruzko aipu bibliografikoak ere ageri dira. Azken finean, nahiz eta artikuluan azaltzen den ikerketa-eremua gure mundutik urruti samar egon eta egileek bestelako mugak ere onartu arren, planteatzen direnak zein lortutako emaitzak hausnarketarako baliagarri suerta dakizkiguke. Beste alde batetik, kontuan izan dezagun ikasleen ikuspegia baino ez zela aztertu; alegia, ez zela landu horrelako harremanez irakasleek duten iritzia.
Artikuluan ageri den legez, ikasle gehienek erabiltzen dituzte sare sozialak, baina ez dago ikerketa askorik ingurune horietako ikasle-irakasle harremanez. Turan, Durdu eta Gotkas irakasleek egindako lanean lau alderdiri erreparatu nahi izan zioten: sumatutako erabilgarritasuna, sumatutako oztopoak, aldeko bezala sumatutako irakasleen jokabideak eta kontrako bezala sumatutakoak.
Testuan irakasle-ikasle harremanari buruzko azterketa bibliografikoa ageri da hasieran. Egileek azpimarratutakoen artean:
- Ikasle-irakasle harremanek alderdi positiboak zein negatiboak dituzte.
- Irakasleek modu askean partekatzeko edo adierazteko joera dute Interneteko horrelako guneetan, ez baitaude testuinguru formalean.
- Lausoak dira bizitza profesionalaren eta pertsonalaren arteko mugak.
- Ikasle-irakasle harremanak debekatzea ez da irtenbiderik egokiena.
- Norbere buruaz ematen den informazioaren (self-disclosure) eta sinesgarritasunaren artean ba omen dago erlaziorik.
- Irakasleen sinesgarritasunak eragin positiboa dauka ikaskuntzan. Horregatik, arreta jarri behar dute zabaltzen duten informazioaren nolakotasunean zein kopuruan.
- Ikerketa batzuen arabera, ikasleek nahiago dute jarrera pasiboa izatea irakasleekiko elkarrekintzetan, txatetan eta iruzkinetan esaterako.
Hauek dira ikerketaren emaitzetako batzuk:
- Irakasleek beren ikuspuntu sozialak eta erlijiosoak partekatzearen aurka azaldu ziren ikasleak. Bizitza pertsonalari buruzko informazioa partekatzea, berriz, ontzat eman zuten.
- Zalantzak zalantza, ikasle gehienek ondo ikusi zuten irakasle eta ikasleak “lagun” izatea.
- Gertaera horrek, kurtsoari buruzko motibazioa handitu egingo luke.
Bukatzeko, hona hemen ikertzaileen ondorioetako batzuk:
- Balioak eta ideologiak islatzen dira sare sozialetan. Mezu mediatikoak ekoizten dituenak kontuan izan beharko du hartzaileek nola hartuko dituzten, baita nola erantzungo duten ere.
- Irakasleek bi kontu edo profil izan beharko lituzkete; bizitza pertsonalerako bata, bizitza profesionalerako bestea.
- Antzeko ikuspegiari jarraikiz, elkarri eragiteko ikastaroko Facebookeko taldeak erabili beharko lirateke, ikasleek euren aldetik argitara emandakoak ikusi gabe.
- Hala ere, irakasleek neurri batean beren bizitza pertsonala eta profesionala partekatzea espero dute ikasleek. Kontuan hartu beharko litzateke aurreikuspen hau komunikatzen denean.
- Sare sozialetan ematen den komunikazioaren nolakotasuna ikasleen eta irakasleen edota erakundearen artean zedarritu liteke.
- Pribatutasunaren ezarpenez informazioa jaso beharko lukete, bai ikasleek, bai irakasleek. Horrela, argitalpenak eta datu pertsonalak nork ikus ditzakeen ezar liteke.
Erreferentzia bibliografikoa
Turan, Z., Durdu, L. eta Gotkas, Y. (2020). Ser o no ser amigo de los profesores en redes sociales: Las perspectivas de los estudiantes universitarios. Comunicar, 63, 87-96. https://doi.org/10.3916/C63-2020-08