Iritzi (uste izan, deitu)

Argitaratua: Monday, 3 June 2024, 9:00 AM
Ainara Maia

Euskal literatura-tradizioan hainbat formatan ageri da hitz hau: eretxi, eritxi, eritzi, iritxi eta iritzi formetan gutxienez. Azkenengo bi mendeetan, iritzi da, alde handiz, gehien erabili den forma. Horregatik, beraz, Euskaltzaindiaren araua: iritzi erabili behar da aditz nahiz izen gisa.

Datiboko marka (-nori) eskatzen du iritzi aditzak; marka hori predikazioaren subjektuak hartzen du, eta dio erregimeneko aditza da. Aditz-elkarte arruntak eratzen dira honako osagai hauekin:

  • Adjektiboa edo zenbatzailea + iritzi dio.

Adibidez: Guztiek, aho batez, eder iritzi zioten buruzagiaren ateraldiari.

Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota daude zenbait forma 
(eder iritzi, luze iritzi…), aski, eder, gaitz, luze eta on sarreretan, azpisarrera moduan, eta horiek bereiz idaztekoak dira:

DESEGOKIAK

EGOKIAK

Zenbatekoa zehazteko arrazoiari onirizten badio, betearazpenaren kopurua zehaztu eta aurrera egingo du.

Zenbatekoa zehazteko arrazoiari on irizten badio, betearazpenaren kopurua zehaztu eta aurrera egingo du.

Bere buruari ederriritzita bere buruaz maitemindu zen.

Bere buruari eder iritzita bere buruaz maitemindu zen.


Bestalde, Iritzi aditzak forma trinkoak ere baditu: deritzat/deritzot, deritza/deritzo… baina ez *deritzaio.
Adibidez: 
Mikel deritzo mutil horri / Mikel deitzen zaio mutil hori. 
*Mikel deritzaio mutil hori.

Iritzi aditzaren predikatu nagusia artikuluarekin nahiz artikulurik gabe ager daiteke: on(a) deritza, astun(a) deritzo.

Iritzi 
aditza uste izan aditzaren baliokide izan daiteke, baina baita deitu aditzarena ere.
Adibidez: 
Berdin hasi eta bukatzen den hitzari ziklograma deitzen zaio
Berdin hasi eta bukatzen den hitzari ziklograma deritzo.

Baztertzekoak dira, ordea, inguruko hizkuntzen eraginez sartu zaizkigun egitura zenbait euskaraz. Izan ere, *X bezala ezagutzen den egitura gaztelaniaren interferentziaz sortua da. Esate baterako,

BAZTERTZEKOAK

ERABILTZEKOAK

“Heriotzaren errepidea” bezala ezagutzen den ibilbidean bi lagun hil ziren atzo.

“Heriotzaren errepidea” esaten zaion ibilbidean bi lagun hil ziren atzo./ “Heriotzaren errepidea” deritzon ibilbidean bi lagun hil ziren atzo.

Tximinoen ikusmen-kortex primarioan (V4 terminoaz ezagutzen den aldean) baziren zelula batzuk…

Tximinoen ikusmen-kortex primarioan (V4 deritzon aldean) baziren zelula batzuk…


  • ...-(e)LA (konpletiboa) + IRITZI
Gramatikalki zuzenak dira era honetako esaldiak: 
polita dela deritzot
gaizki dagoela deritzogu 
munduari zor diogun hitza esateko zorian gaudela deritzat…

DESEGOKIAK

EGOKIAK

Gaixotasunaren diagnostikoa garaiz egiteari komenigarria dela irizten diote.

Gaixotasunaren diagnostikoa garaiz egiteari komenigarri(a) irizten diote.

Horri polita dela deritzot.

Horri polit(a) deritzot.

Hori polita deritzot.

Hori polita dela deritzot.


Informazio osagarria: