Hizkuntza-irakasle izan nahi dut, nondik hasiko naiz?

Argitaratua: astelehena, 2016(e)ko urriaren 3(e)an, 13:25(e)tan
L de lengua

L de Lenguaren 107 podcastean Antonio ORTA dugu gonbidatua, eta ”Quiero ser profesor de español, ¿por dónde empiezo?“ galderari erantzutera dator. Abiaburu gisa, azken urteotan emandako aldaketa nagusi bat azpimarratzen du: egun, profesionaltasun-maila eskatzen zaio irakasleari, eta, hori areagotzeko, formazio-eskaintza zabala dago, formala zein informala; garai batean, berriz, eta hau azaltzeko CASSANY-rekin izandako solasaldia  dakar emanaldira, nahikoa zen filologian lizentziaduna izatea eta elkarrizketan gaitasun-pertsonalak azaleratzea. Bere hitzetan, nahasi egiten zirela “hizkuntza irakastea” eta “hizkuntza ezagutzea”, eta, ondorioz, jatorrizko hiztun oro gaitzat jotzen zela hizkuntzak irakasteko.

Gaur egun, hizkuntza irakasleari bi ezaugarri eskatzen zaizkiola azpimarratzen du: espezializazioa eta esperientzia. Hau da, esparrua profesionalizatzen ari da eta irakasle berriztatzaileak eta malguak behar dira, hizkuntzen ikas-irakaskuntza eremu aldakorra bilakatu  baita. Izan ere, hizkuntzen jabetzari  eta ikasketari buruzko ikerketak direla-eta, ezagutza berri asko izan dira, baina ez omen da aldaketa handirik eman prozeduretan. Erresistentzia omen dago, besteak beste, ez dagoelako gaitasun handirik egoera berriei aurre egiteko: teknologia, sare sozialak, komunikatzeko erak… Hainbesterainoko aldaketek ikara sortzen omen dute eta irakaslea betikoa egitera bultzatzen.

Galdetzen diotenean irakasleak gaitzeko hasierako formazio-ikastaro batek zer irizpide bete beharko lituzkeen, bi aipatzen ditu ORTAk: a) 120 ordutik gorako iraupena, eta b) adituek gainbegiratutako praktika errealak izatea, egituratzea, inplementatzea eta ebaluatzea aztergai izanik.

Irakasle gaituari hiru ezaugarri atxikitzen dizkio: a) langai duen edukia ezagutzea; b) eskura dituen errekurtsoak baliatuz, ikasleak ikasten jartzeko abila izatea; eta, c) ikasleak motibatzeko eta irakasle gisa hobetzeko jarrera. Hiru ezaugarriak bat eginik eman behar direla dio, ez isolaturik, eta horien motorra jarrera dela, eta hau mantentzeko, ezinbesteko jotzen ditu sormena eta berrikuntza.

Aditu honen esanetan, testuingurua mugatzailea bada, orduan eta sormen eta berrikuntza handiagoa azaldu beharko du irakasleak. Bi ezaugarri horiek ez omen daude bakarrik irakaslearengan, baita ikasleengan ere, baina hitza eman behar omen zaie. Arriskua, despotismo ilustratuan erortzea; alegia, dena ikasleentzat izatea, baina ikasleak kontuan hartu gabe aritzea. Horrexegatik, ikasle autonomoa nahi bada, ikusi egin beharko du zein den etekina, horren berri izan. Bide luzea dela azpimarratzen du.

Tesiaren berri eman ondoren, eta podcastean adierazitakoa laburbildu nahian, bi galdera luzatzen dizkio elkarrizketatzaileak ORTAri: irakasteko gaitasuna lortzeko zer eskatu beharko litzaioke egungo hasierako formazio-ikastarori; eta, zer etorkizunean bideratu beharko bati. Lehenengoari, hiru ezaugarri izatea eskatuko lioke: a) testuinguru errealetan  teoria eta praktika uztartzea adituen gainbegiratupean; B) partaideen sormena eta bat-batekotasuna; eta, c) adituen urtebeteko jarraipena gabeziak azaleratzeko eta hobekuntza-prozesuak bideratzeko.

Bigarrengo galderara etorrita, berriz, testuinguru ezberdinetan hizkuntzen ikaskuntzak izango duen adierazgarritasun-maila aitatzen du, besteak beste, teknologiak edukiak osatzen baditu, ¿zer egingo dute irakasleek?