HEOCa eta lagunarteko euskara: "Euskara kolokialaren eskuliburua"-ren harira

Argitaratua: Monday, 1 February 2021, 11:38 AM
HEOCaren eta Euskara kolokialaren eskuliburuaren azalak

Duela gutxi eman genuen hemen "Euskara kolokialaren eskuliburua"-ren berri; baina, zer dago HEOCean erregistro horri buruz? Jarraian curriculumean zehar agertzen diren zenbait alderdi zehaztuko ditugu, lagungarri gertatuko zaizuelakoan.

Zer dio HEOCak lagunarteko hizkeraren inguruan?

HEOCak erregistro ezberdinak menderatzea eta lagunarteko ahozko komunikazioan ohikoak diren aldagai zehatz batzuk aipatzen ditu B2 (umorea) eta C1 (dialektoak) mailetatik aurrera, baina kontuan hartu behar da ezen lehen-lehenik proposatzen diren komunikazio-ekintzak lagunarteko eta senitarteko erabilera-esparrukoak direla (hizkera informalerako aproposak, hain zuzen).

Hala bada, sentimenduak eta gustuak adierazteko helburu komunikatiboak hasieratik ageri dira eta, esaterako, A2tik aurrera pasadizoen generoa ere agertzen da, ulermen mailan bada ere; hortik aurrera esparru, testu-genero eta helburu berriak gehituz doaz.

B1ean aisialdia sartzen da, bai eta balioespenak, kexak, eta familia zein lagunarteko eztabaida eta solasaldiak. Bestalde, mintzamenean berariaz aipatzen da “hiztegia testuingurura egokitzeko” gaitasuna, eta “lagunarteko zein ezezagunen arteko erregistro estandarrean ezagutza eta kortesia mailak bereizten” jakitea; horrez gain, “euskalkiak” hizketagai gisa ageri dira.

Ondoren, B2ko testu-generoen ekoizpenen atalean umorea agertzen da (“pasadizo barregarriak”), sentimenduen adierazpenean sakontzen da, eta bestea (solaskidea) lasaitzeko nahiz adoretzeko funtzioa gehitzen, esaterako.

C1ean, berriz, aurreko testu-genero eta funtzioak zabaltzeaz eta adierazpide linguistiko aberatsagoak aurkezteaz gain, alde batetik, lagunarteko ahozko elkarreraginetan zehaztasuna da helburu (B2.2n jarioa aipatzen da); eta bestetik, lehen aldiz aipatzen da aldaera estandarretik kanpoko jardunaren ulermena entzumeneko helburuen artean (zehazki, “inguruko herri-hizkera” eta “hurbileko euskalkia”).

Hortaz, hasieratik du ikasleak euskara kolokialeko elementuak (hitz eta esamolde adierazkorrak) bere berbaldian txertatzeko aukera, forma neutroagoekin batera ikasirik erregistroak ezberdintzeko baliabide gisa. Orain, Euskara kolokialaren eskuliburua ere lagungarri du irakasleak, bai zehazki zer ezaugarri edo forma erakuts dezakeen jakiteko, bai ikasleari bere testuinguru soziolinguistikora eta komunikazio-testuinguru ezberdinetara egokitzeko tresnak eskaini behar dizkionerako.

Beste eduki interesgarriak

Liburuaren azala

Euskara kolokialaren eskuliburua (Larrinaga, A.)

2020ko azaroaren hasieran argitaratu zen Asier Larrinagaren liburua, UEUren eskutik, eta hainbatek euskarari (bereziki estandarrari) ikusten dioten hutsunea betetzeko beste urrats bat da.