Eusko Jaurlaritzaren Aroa Plana: euskaraz gehiago eta errazago ikastea helburu

Argitaratua: Tuesday, 29 October 2024, 10:23 AM
Aroa txostenaren azala

Erakunde publikoetako Euskara Sustatzeko Ekintzak Plana ordezkatzera dator Aroa (Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa). Planaren helburu nagusia honakoa da: gizarteak azken urteetan izan dituen aldaketei erantzun, eta gaur egungo testuinguru eleaniztunean, euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea, gizarte ekitatibo eta justua eraikitzeko.

Bost helburu izango ditu planak:

  1. Edozein dela herritarraren egoera, euskaraz gehiago eta errazago ikasteko aukerak handitzea.
  2. Eskolaz kanpoko ekosistema euskaldunagoa lortzea.
  3. Inguru digitalean euskarak leku gehiago izatea eta hizkuntza-teknologien bidez euskaraz komunikatzeko aukera handigoak sortzea.
  4. Eremu soziekonomiko publiko zein pribatuan euskaraz lan egiteko aukera handiagoak lortzea
  5. Euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzeko aukerak ugaritzea.

Eta zazpi ardatz estrategiko:

  1. Jarrerak / Motibazioak
    • Euskararen aldeko jarrera areagotu, eta hiztunen ahalduntzean, hizkuntza-ohituretan eta -portaeretan eragitea.
    • Euskarari eta euskal komunitateari buruzko pertzepzio positiboa eta ikusgarritasuna handitzea.
  2. Ezagutza / Gaitasuna
    • Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa eragitea.
    • Euskara irakatsi eta ikasteko aukerak indartu eta berriak sortzea.
    • Euskarara hurbiltzen diren atzerritar jatorriko herritarren kopurua handitzea.
    • Euskararen ezagutza orokortzeko bidean, erraztasunari (gaitasun erlatiboari) berariaz erreparatzea.
  3. Erabilera / Elkarreragina
    • Euskara eguneroko bizitzan eroso erabiltzeko berariazko estrategiak garatzea.
  4. Gobernantza
  5. Berrikuntza
  6. Ikerketa / Sistematizazioa
  7. Komunikazioa / Hedapena

Oro har, adostasunean oinarritzen den elkarlanerako marko teoriko-praktikoa da Aroa. Helburu du XXI. mendearen joera globalen aurrean, euskararen gutxiagotasun egoerari aurre egitea, eta beraz, indarberritze-prozesuak etenik gabe jarraitzea. Euskarak bizirik aurrera egin dezan, ezinbestekoa izango da hiztun aktiboak lortu eta ugaritzea. Euskaraz eroso aritzeko gune pribilegiatuak irabaziko dira horrela: etxea, kalea, eskola aisialdia eta kirola, lan-esparrua, osasun- eta zaintza-esparrua, ingurune digitala… Esparru bakoitzak izango du bere erronka, euskal hiztun aktiboak lortu eta euskararen erabilera handitu dadin.

Euskararen ezagutza kopuruz gero eta handiago den garai honetan, euskara erabiltzen dugun hiztun-kopurua  igotzea da hurrengo erronka nagusia, eta, horrekin batera, komunitatea handitu eta sendotzea. Aurrerantzean ere, euskaraz jarduteko erraztasun soziekonomiko, teknologiko eta psiko-emozionalak jorratzea egokituko zaigu. Euskara gehiago eta hobeto ikasteko aukeretan sakontzea, sistema teknologiko eta digitalean euskarak presentzia handigoa izatea, eta gutxiagotasun-egoerari lotutako hiztunen ezaugarri psikosozialei helduko dieten irtenbide berriak esploratzea, hain zuzen.